ORDIZIAKO OSTALARIAK KALDEREROEKIN ETA ZOZOMIKOTEREKIN BAT EGINDA
Zenbait jatetxek Kalderero menua eskainiko dute, eta tabernen itxiera ordua bi ordutan luzatuko da
Ordiziako jatetxe, taberna eta pub-ek larunbatean, hilak 22, ospatuko den kaldereroen festarekin bat egitea erabaki dute beraien ostalaritzako establezimenduen bitartez. Ordiziako ostalaritzak Kalderero menua eskainiz parte hartuko du (9 euro umeek eta 15 euro helduek), eta horrez gain taberna eta pub batzuetan proposamen desberdinekin gozatzeko aukera izango da. Animatuenak festari jarraipena emateko, itxiera ordua bi ordutan luzatuko da.
Kalderero menua herritar, goierritar eta herria bisitatzen duten guztientzat irekia egongo da eta ostalaritzako establezimenduetan ikusgai. Zerbitzu on batekin gozatzeko, eta inor lekurik gabe geratu ez dadin, erreserba denboraz egitea gomendatzen da.
Festaren Antolakuntza Batzordeak luzatutako proposamenari erantzuna emanez, ostalari batzuk beraien tabernak apainduko dituzte eta gaiarekin bat jantziko dira. Era honetan, eta egunean zehar ospatuko diren ekintza desberdinetan kaldereroz jantzita parte hartuko duten horiekin batera, giro aparta emango diote kaleei eta tabernei.
Festan parte hartzeko deialdia
Ostalaritza sektorearen helburua jardunaldi honetarako Antolakuntza Batzordearekin eta zuzenean edo zeharka azken hilabetetan ekimen hau aurrera ateratzeko elkarlanean aritu diren horiekin bat egitea da, afalordua puntu eta aparteko unea izan beharrean, puntu eta segidako unea izateko aukera emanez, eta datozen urteetan ekimen hau indartzeko oinarriak finkatuz.
Lerro hauen bitartez Ordiziako ostalariek Antolakuntza Batzordeak eskola, udala, antzerki talde, musika talde eta bestelakoekin egindako lanak eskertu nahi ditu, eta goierritar guztiei deialdia egiten die Ordiziako Kaldereroak eta Zozomikote festan parte hartu dezaten.