AUTO ETA KART ERAKUSTALDIA LARUNBATEAN ALDE ZAHARREAN
Ekimen hori dela eta, Gudarien Etorbideko autobus geltokia ez da erabilgarri egongo da 16:30etik 19:30era
Motor hotsek beteta dator Udaberrian Martxan programazioaren barruko bigarren asteburua. Datorren larunbatean, 15:30etik aurrera, , herriko plaza kart, supermotard, kart cross eta rallyetako autoez beterik egongo da. Ondoren, 17:00etatik aurrera herriko kaleetan ibilgailu guzti horien erakustaldia izango da 19:00ak arte. Rally autoetan kopilotu bezala parte hartzeko aukera ere egongo da. Ekimen hori dela eta, Gudarien Etorbideko autobus geltokia ez da erabilgarri egongo 16:30etik 19:30era. Erakustaldiaren ondoren, Goierriko Sagardoen Dastaketa izango da Plaza Nagusian.
Ondorengoa izango da erakustaldi honen ibilbidea: Herriko plazatik irten, Kale Nagusitik Gudarien Etorbidera jaitsi, Gudarien etorbidean (Azari elkarte parean) bira eman eta Gudarien etorbidea igo, Etxezarreta kalean sartu, San Pedro kalera igo eta Domingo Goitia kaletik plazaren goiko aldean amaitu. Erakustaldian parte hartuko duten gidarietako batzuk hauek izango dira: Gorka Eizmendi, Garikoitz Flores, Andoni Aierbe, Joseba Iraola, Ramon Irigoien...
Erakustaldi hau egiteko herriko kale asko hesituta egongo dira eta ikusleei eskaera berezia egiten zaie antolatzaileen esanei kaso egiteko.
Rally autoetan kopilotu joateko zozketa
Gainera, rally autoetan kopilotu moduan joateko aukera izango da, eta horretarako, 15:00etatik 17:30era herriko plazan euro batean zenbakiak salduko dira ondoren zozketa egiteko.
Tecnun SEED Racing
Arratsaldeko 15:30etatik aurrera, Plaza Nagusian Tecnun SEED Racing eta bere ibilgailu bat ikusteko aukera izango dugu. Tecnun SEED Racing, Tecnun unibertsitateko ikasle talde bat da eta txapelketetako ibilgailu elektrikoak diseinatu eta sortzen dituzte.
Sagardo dastaketa
Motor erakustaldia amaitu ondoren, 19:30ean, herriko plazan Goierriko Sagardoen Dastaketa izango da.