JUANJO MARTINEZ SUKALDARIAK ORBURUAK PRESTATUKO DITU BIHAR AZOKAN
'Hamabi hilabete, hamabi produktu' ekimenaren barruko lehen erakustaldi gastronomikoa izango da
Ordiziako Azoka betidanik izan da bertako eta garaiko produktuaren sustatzaile fina. Ildo honi jarraituz, eta martxoko lehen asteazkenean hasita, hilabetero garaian garaiko produktu bat sustatzea du helburu 'Hamabi hilabete, hamabi produktu' ekimenak. Martxoan, 'Tuterako orburua' izan da produktu protagonista. Hori dela eta, orburuak azokan saltzen dituzten saltzaileei gune berezi bat egokitu zaie plazan, protagonismo berezia emanez. Bihar, martxoak 26, hileko azken asteazkena, produktu horri lotutako erakustaldi gastronomikoa egingo du Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinez sukaldariak Plaza Nagusian, 11:00etatik 12:00etara bitartean.