‘NO ES PAÍS PARA SOSOS’ TELEBISTA SAIOKOAK ORDIZIAN IZANGO DIRA BIHAR
Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek aurkeztutako saioa da
ETB-2ko 'No es país para sosos' telebista saiokoak Ordizian eta Goierriko zenbait herritan grabazioak egiten ariko dira bihar. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek gidatzen dute saioa, eta tokian tokiko gastronomia, kultura eta natur eremuak ematen dituzte ezagutzera. Rotetak, Iker Galartza aktorea lagun duela, Ordiziako azoka bisitatuko du, eta bertako produktuak erosi eta gero, Barrenako parkean jarriko duten sukaldean zenbait plater prestatuko ditu Gonzalezekin batera.
Bi sukaldarien bisitaldia ez da Ordiziara mugatuko. Zerainen, Idiazabalen eta Mutiloan ere izango dira, baita Larraitzen ere, eta artzain txabola bat ere bisitatuko dute. Iker Galartza ez ezik, Oscar Terol aktore eta gidoilaria ere lagun izango dute grabazioko zenbait unetan. Larraitzen, esaterako, Iñaki Azurmendi aizkolariarekin izango dira, eta Iñaki Telleria eta Amaiur Cajaravillek txalaparta joko dute.
Ander Gonzalez sukaldaria Gazta Kofradiakoekin ere izango da, eta Idiazabal Gazta egiteko sekretuak bertatik bertara ezagutuko ditu. Sagardotegi batean ere izango da. Horrez gain, Aralarko Natur Parkearen, Txindoki mendiaren, Lazkaomendiren... irudiak ere grabatuko dituzte.