2014-11-15 txapeldunaUrrezko Gazta irabazteko zorian egon da Mausitxa, baina ez du lortu 8,5 puntura iristea

Gaur larunbata, azaroak 15, Arabar Errioxako 20. Azokarekin bat eginez, Ordizia Txapeldun gazta lehiaketaren 27. ekitaldia izan da Ordiziako Plaza Nagusian. Elgoibarko Jesus Ansola 'Mausitxa' izan da oraingoan irabazle. Bere gaztak 8,45 puntu atera ditu eta Urrezko Gazta eramateko zorian egon da 8,5eko puntuazioa gainditzeko oso gutxi falta izan baitzaio.


Txapeldunen txapeldunaren 27. ekitaldia
Azken hamar urteetako (2005etik 2014ra) irabazleak lehiatu dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak antolatu dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzarekin.

Honako gaztagileak aritu dira lehian gaurkoan: 2005, 2007 eta 2009ko irabazle Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar); 2006 eta 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2008, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2012ko irabazle Jon Etxebarria (Zeanuri), eta azkenik aurtengo irabazlea, Ondarreko Karmele Murua (Segura).

Ondorengoa izan da azken sailkapena:
1. Saria. Jesus Ansola "Mausitxa" (Elgoibar)
2. Saria. Ricardo Remiro Agirre (Eulate)
3. Saria. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
4. Jon Etxebarria "Ipiñaburu" (Zeanuri)
5. Ricardo Remiro Agirre (Eulate).
6. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
7. Jesus Ansola, Mausitxa (Elgoibar)
8. Ricardo Remiro Agirre (Eulate).
9. Jesus Ansola, Mausitxa (Elgoibar)
10. Karmele Murua "Ondarre" (Segura)

Hiru lote hoberenak diru-saria jaso dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditu dutenez, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte lehen hiru sailkatuek. Lehenengoa, Urrezko Gazta irabazteko zorian egon da, 8,45 punturekin. Zortzi puntu eta erdi behar dira Urrezko Gazta eskuratzeko.

Epaimahaia honakoek osatu dute: Juan Manuel Garmendia (Gastronomiazko Euskal Anaiartea ), Iker Markinez (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Jesus Salmerón (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikaria), Tristan Montenegro (Donostiako ostalaria), Maider Gaztañaga (Triatloilari Ordiziarra), Marta Albisu (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikaria), Jose Juan Castillo (Basque Culinary Center-eko irakaslea) eta Felix Ibargutxi (Diario Vascoko kazetaria). Lehiaketaren presidente bezala Jose Juan Castillo aritu da.