ATAUNGO ERAUSKIN HARATEGIA IRABAZLE EUSKAL HERRIKO TXISTOR LEHIAKETAN
Nikolas Lasa ordiziarra (Lasa harategia) sailkatu da bigarren, eta Zarauzko Gesalaga Harategiak hirugarren
Ataungo Erauskin harategia izan da Ordizian irabazle gaur, abenduak 17, ospatu den Euskal Herriko XVII. Txistor-lehiaketan. Txapeldunak Txapela garaikurra eta diploma jaso ditu eta, garaikurra eta diploma bana jaso dituzte Ordiziako Lasa Harategiak (2garrena) eta Zarauzko Gesalaga Harategiak (3garrena). Bestalde, Ibarrako Jose Mª Barriolak (4garrena), Altsasuko Aldasoro Harategiak (5garrena) eta Tolosako Garikano Harategiak (6garrena) diploma bana jaso dute. Guztira 51 ekoizlek aurkeztu dituzte haien hestekiak horrela banaturik: Gipuzkoako 39 eta Nafarroako 12.
Epaimahaikoek txistorraren itxurari, osagaiei eta zaporeari erreparatu diete produktu hoberena aukeratzerakoan eta orokorrean izan den maila ona nabarmendu dute. Epaimahaia ondorengoek osatu dute: Joxean Eizmendi (Ilarra Jatetxea, Donostia), Juan Manuel Garmendia (Kattalin erretegia, Beasain) eta Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Benita Mujika Ordiziako tabernari ohia, Josema Azpeitia (Ondojan aldizkaria) eta azkenik Basque Culinary Center-eko Fernando Barcena, Sofia Yannelli, Ricardo Navarro eta Ana Icasati, irakasle eta Master-eko ikasleak hurrenez hurren.
Gipuzkoako Harakinen elkarteak eta Ordiziako Udalak antolatu dute lehiaketa.