ORDIZIAKO UDALAK EGUBERRIETAKO EROSKETAK HERRIKO KOMERTZIOETAN EGITEKO DEIA EGITEN DIE HERRITARREI
Halaber, gogoratu du Eguberrietako aparteko azoka hilaren 31n egingo dela, Urte Zahar egunean
Ordiziako Udalak dei egiten die herritarrei Eguberrietako erosketak herriko dendetan egiteko, gertuko komertzio txikiari bultzada emateko helburuarekin. Halaber, udalak gogoratu du Eguberrietako aparteko azoka, aurten, hilaren 31n izango dela, Urte Zahar egunean. Bestalde, Ordizian merkatari eta ostalari elkarteak, 'Ez zaitez zurea gabe geratu' Eguberrietako kanpaina abiatu zuen joan den astelehenean, eta urtarrilaren 5era bitarte elkarteko establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroak 100 erosketa-orgaren zozketan sartuko dira.
Ordiziako Udalaren ustez, erosketak komertzio txikian eginda aberastasuna herrian geratzen da, banaketa justuago bat egiten da, bertako ekoizleei laguntzen zaie eta bizi eredu jasangarria bultzatzen da, herrian aktibitatea sortuz, mugikortasuna erraztuz eta hondakinak murriztuz. Era berean, harreman sozialak hobetzen dira eta komunitatea indartzen da, espazio publikoak bizirik eta seguru mantenduz.