EGUBERRIETAKO APARTEKO AZOKA, URTE ZAHAR EGUNEAN
Azoka guneez gain, 2014an nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztagileei esker ona adierazteko ekitaldia ere egingo da
Datorren asteazkenean, abenduaren 31an, Eguberrietako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izan ohi da. Frontoian kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da, Garagartza plazan Euskal Herriko errege sagar lehiaketa-erakusketa, Plaza Nagusian asteazkeneroko azoka eta inguruko kale eta txokoetan dozenaka postu izango dira.
Nazioartean saritutako gaztagileen zerrenda
Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik.
Plaza Nagusian asteroko azoka izango da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa-erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa-erakusketa ere. Gargartza Plazan ere txerri erakusketa izango da, Bidaniako Pedro Urdapilletak ekarritako euskal txerriekin..
Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute Garagartza Plazan eta ingurumarian: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango da gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte eta Garagartza Plazan eta beste kaleetan eskuz landutako gainerako produktuak.
Era horretan, Gipuzkoako abenduko azoka egutegia osaturik geldituko da: Zumarraga-Urretxuko Santa Luziarekin hasi, Tolosakoarekin jarraitu, Donostiako, zein Arrasateko Santo Tomas azoken ondoren Ordiziako Eguberrietako azoka berezia eta Elgoibarko Gabon zaharretako azoka bereziarekin urtea amaitzeko.
Esker oneko ekitaldia
Honetaz gain, joan den urtean bezela eta aparteko azoka honen babesean, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, ohore handiz, 2014 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteazkenean, udaletxe azpiko arkupean goizeko 11.00tan ospatuko den ekitaldian