2015-02-19 ordiziazabalikOrdiziako Udalak 32.400 euro bideratuko ditu herriko merkataritza biziberritzea helburu duen programa honetara

Aurtengo oinarri-arautzaileetan balio gehiago emango zaie 21-P gunean dauden sei lokal komertzial hutsei

Iaz bezalaxe, Ordiziako Udalak ekintzaile berriei eta negozio berritzaileei zuzendutako 'Ordizia Zabalik' izeneko diru-laguntza programa abiatu du aurten ere. Programa honen helburua hutsik dauden lokal komertzialak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzea eta belaunaldi aldaketari erantzuna ematea da. Udalak 32.400 euro bideratuko ditu aurten programa honetara –12 negozio berrirentzako–, eta nabarmentzekoa da 21P gunean dauden sei lokal komertzial hutsei balio gehiago emango zaiela aurtengo irizpideetan. 2014an zehar 8 negozio berri ireki ziren Ordizian programa honi lotuta. Datorren astelehenean, otsailak 23, zabalduko da tramitazioak egiteko epea. Horrez gain, udalak aurreratu du udalerriko merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko elkarlan proiektu bat garatzen ari dela.

Ordiziako Udalak orain bi urte aurkeztu zuen MBPB Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak aurreikusten zuen eginbeharretako bat zen Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea lokal hutsei erabilpen berriak emanez. Proiektu honi jarraipena emanda, MBPBk egindako gomendioa betetzeko beste urrat bat egin du udalak.

Igor Eguren alkateak, Joan Mari Gereñu sustapen, garapen eta komertzio zinegotziak eta Aitor Velazquez merkataritza teknikariak aurkeztu dute gaur 'Ordizia Zabalik' diru-laguntza programa udaletxean, 2014an zehar programa honetaz baliatuz Ordizian negozio berri bat zabaldu duten hiru merkatari ondoan zituztela: Jenny Cruz (Hazi eta Hezi), Alen Moreda (Kris-Kras) eta Mariasun Ran (Amona).

21-P gunearen biziberritzea
'Ordizia Zabalik' hiru norabidetan landutako proiektua da. Batetik, herrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri nahi dira ekintzaile berrien bitartez. Bigarrenik, herriko gune desberdinetako beharrak asebete nahi dira, eta hirugarren eta azkenik, belaunaldi aldaketari erantzun bat eman nahi zaio. "Aurtengo programak, ordea, badu berezitasun bat. Dakizuenez, martxoan 21-P komertzio gunean igogailu bat egiteko obrak hasiko dira, eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, igogailu horren helburua ere bada gune hori biziberritzea da. 21-Pko lokaletan zerbitzu enpresak ezartzea aurreikusten da, baina bestelako saltokiek ere aukera izango dute. Horregatik, aurtengo oinarrietan, 21-Pko sei lokal komertzialei balio gehiago emango zaie".

Alkatearen esanetan, gaur egungo krisi egoera kontuan hartuta, eta programa hau aurten ere martxan jarrita, Ordiziako Udalak berriz ere saiakera bat egin nahi du herriko merkataritza biziberritu eta enplegu berriak sortzeko bidean. "Azken urteetan, eta egoera ekonomikoa alde izan ez arren, 46 komertzio berri ireki dira Ordizian. Eta zehatzago esanda, iaz programa hau martxan jarri genuenetik gaur arte 21 dira ireki diren negozioak, nahiz eta 8 izan diru-laguntzaz baliatu direnak. Horrek erakusten du programa honek negozio berriak erakarri dituela Ordiziara".

Merkataritza sektorearen lehiakortasuna hobetzeko proiektua
Programa honen bidez herriko merkataritza sustatzen da, eta gaur egungo merkataritzari ere bultzada ematen zaio. "Horri lotuta, aurreratu nahi dut, herriko betiko merkatariei begira ekimen berri bat lantzen ari dela udala. Horren bidez, haien komertzioari balio erantsiari eman nahi dioten dendariei formazio zehatza eta aholkularitza eskainiko zaie, eta dagokion jarraipen plana ere zehaztuko da. Elkarlan proiektu horren helburua merkataritza establezimendu horien lehiakortasuna hobetzea da. Plan horretara 5.000 euro bideratuko ditu udalak".

Laguntzak eta betebeharrak
Aurtengo 'Ordizia Zabalik' diru-laguntza programak 32.400 euroko aurrekontua izango du, eta iaz bezalaxe, diru hori negozio berri bat ireki nahi duen ekintzaileari alokairua ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Laguntza hori hiru urtez jaso ahal izango da gehienez: lehen urtean alokairuaren %75 ordainduko du udalak (gehienera 300 euro hilean), bigarrenean %50a (gehienera 200 euro hilean) eta hirugarrenean %25a (gehienera 100 euro hilean).

Aitor Velazquez merkataritza teknikariak eman ditu diru-laguntza programa honi buruzko xehetasunak. Azaldu duenez, Ordizian merkataritza jardueraren bat abiatzeko interesa duen edonork har dezake parte, eta interesatuak ez du zertan Ordizian bizi beharrik. "Datu bat ematearren, iazko programa hau martxan jarri zenetik, negozio berri bat martxan jarri nahi luketen 40 ekintzaile inguru gerturatu dira gure bulegora informazioa eskatzera. Kasu honetan, datorren astelehenean, hilak 23, irekiko da deialdi honetako tramiteak egiteko epea, eta lau hilabeteko iraupena izango du".

Sektore edo jardunbide hauetakorekin batekin lotura duten jarduerak ezarri ahal izango dira hutsik dauden lokal komertzial horietan:

• Txikizkako merkataritza
• Elikagaien sektorea
• Pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak
• Interesa izan eta merkataritza aldetik inguru hori suspertzen laguntzeko koherentea izango den beste edozein

Lokal huts bat berreskuratu nahi duten ekintzaileek, berriz, honako baldintzak bete beharko dituzte:

• Negozio bideragarri baten proiektua izatea
• Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea
• Lokal komertzial hutsaren jabeak programa honetan parte hartzeko eskaera-inprimakia betea izatea.
• Sustatzailearen curriculuma eta GOIEKI eskualdeko garapen agentziaren bitartez landutako jarduera memoria-proiektua aurkeztea

Izena emateko bideak
Programa honetan parte hartu nahi duten ekintzaile berriek edo hutsik dauden lokal komertzialen jabeek, lehen urrats modura, inprimaki bat bete behar dute udaleko arreta bulegoan edota merkataritza bulegoan. Bai eskaera-orriak zein programaren oinarri arautzaileak Ordiziako Udalaren webgunean (www.ordizia.eus), Herritarren Arretarako Udal Bulegoan eta Merkataritza bulegoan eskura daitezke. Oinarri horietan azaltzen den epaimahaia izango da proiektuei oniritzia emateko eskumena izango duena.

Merkatarien iritziak
Alen Moreda urretxuarrak adierazi du Ordizian bizi diren senide batzuk eman zietela laguntza programa honen berri, eta beharrezko urrats guztiak egin eta gero, neska-laguna eta biak animatu zirela fruitu-lehorren negozioa irekitzera. "Laguntza ona da, eta hutsik dauden lokal komertzialak irekitzea garrantzitsua da sektorearentzat eta herriko ekonomiarentzat".

Ataunen bizi den Jenny Cruzek, bere aldetik, adierazi du udalaren laguntzarengatik ez balitz ez litzatekeela animatuko du birziklatze eta haziera naturaleko Hazi eta Hezi denda irekitzera. "Denda ireki aurretik Internet bidez eskaintzen genuen zerbitzua, baina diru-laguntza programaren berri izatean animatu egin nintzen. Laguntzarik ez ezean, ez nintzateke pauso hau ematera ausartuko".

Inprimakiak
Lokal hutsetako jabeen inprimakia
Ekintzaileen inprimakia
Oinarri arautzaileak (2015)

Informazio gehiago lortzeko bideak:
-Ordiziako Udalaren webgunea: www.ordizia.eus
-Ordiziako Udaleko Arreta Bulegoa: 943 88 58 50 / 943 80 56 11
-Merkataritza bulegoa: e-posta: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.. Tfnoak: 943 16 06 73 / 648 700 658