D’ELIKATUZ BIZI 2014-2015
Elikadura-osasunari buruzko heziketa-kanpaina Gipuzkoan
Ordiziako D'elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentroak bederatzigarren urtez jarraian D'ELIKATUZ BIZI kanpaina abian jarri du gipuzkoarrak elikadura osasuntsua eta jarduera fisikoaren inguruan sentikortu eta heziketa eskaini asmoz. Aurtengoan "Bizi d´elikatuz...eta mugituz!!!, elikadura gida praktikoa Gipuzkoako kirolarientzat", izango da kanpainaren protagonista.
Donostian aurkeztu dute gaur kanpaina Asier Sarriegi Gipuzkoako Kirol zuzendariak, Belen Maiza Ordiziako Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotziak, Leire Arandia D'elikatuzeko zuzendariak, eta Ainara Balerdi eta Ane Garmendia Estanda Ordizia areto futboleko jokalariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako Departamendua da ekimen honen babesle nagusia, urteak baitaramatza osasuna helburu duten kirol ekimenak sustatzen eta hau da horietako bat.
"Bizi d´elikatuz...eta mugituz!!!, elikadura gida praktikoa Gipuzkoako kirolarientzat"
Marka handi guztien atzean entrenamendu ikusezin asko dago. Entrenamendu ikusezin hori, ikusten ez diren arren kirolariaren azken errendimenduan garrantzia handia duten faktore askok osatzen dute. Hau da, atleten errendimenduan positiboki eragiten duten kirolaz aparteko ekintza edo jarduerak dira.
Elikadura da entrenamendu ikusezin horretako osagaietako bat, bizi-estilo osasungarriaren osagai izateaz gain. Eguneroko elikadurak eragin zinez adierazgarria du kirolari baten errendimendu fisikoan. Entrenamendua eta lehiaketa hasi aurretik, entrenamendu eta lehiaketa horrek irauten duen bitartean eta hura amaitu ostean dieta egokia, kopuru eta kalitateari dagokionez, mantentzea ezinbestekoa da errendimendu fisiko hori hobetu eta lesio ugari sahiesteko.
Kirolariaren errendimendua hobetzeko bi faktore erabakigarri zaindu behar ditugu:
• Elikadura anitza eta orekatua.
• Hidratazioa.
Premisa horietatik abiatuz, D´elikatuz Zentroak-elikadura eta gastronomia arloko interpretazio zentroa-, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta hainbat profesionalen laguntza eskertu ezinarekin, ezinbestekotzat jo du zenbait aholku praktiko ematen joatea, kirolari baten elikaduran eta hidratazioan aintzat hartzea komeniko liratekeenak, hala entrenamenduan nola lehiaketan.
Argitalpenaren edukietan parte hartu dute:
D´elikatuz Zentroa (Ordizia)
Ana Elbusto Cabello (sendagile nutrizionista)
Iñigo Ochoa de Alda Martínez de Apellániz (EHUko psikologia fakultateko irakaslea)
Eduki guztiak, Saioa Segura Alcaide, Sant Cugat del Valles-eko Goi Errendimendu Zentruko, Fisiologia eta Nutrizio Departamenduko Dietista-Nutrizionistak gainbegiratuak izan dira.
Gidaren 2000 ale inprimatu dira eta ondorengo ekintza eta bitartekoen bidez banatuko da:
• D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentroko bisitarien artean
• Mailing: Gipuzkoako Udaletako Kirol teknikariei eta hauen bidez herrietako Kirol taldeei.
• Dibulgazio hitzaldiak.
• Gida deskargatzeko aukera izango da: www.delikatuz.com, www.gipuzkoa.eus/kirolak.