2015-03-27 artzainegunaBi mila ardik baino gehiagok zeharkatu dute herria

Josean Alijak, Nerua Guggenheim Bilbao jatetxeko sukaldariak, moztuko du gazta eta Eroski Taldea omenduko da

Erregulartasun-kalitate sariak Ixidro Sukia (Ataun, Gipuzkoa) eta Luis Vicente Larrarteren Gaztandegiak (Sunbilla, Nafarroa) jasoko dituzte

Ordizian 2015eko azoka berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 8an Ordizian. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Josean Alija, Nerua Guggenheim Bilbao Jatetxeko sukaldariaren eskutik.
Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.

ARTZAIN EGUNA. KARTELA (PDF)

IDIAZABAL GAZTA. EKOIZPEN DATUAK (PDF)

Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako zuzendariak, Igor Eguren Ordiziako alkateak, Miriam Molina Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko zuzendari-kudeatzaileak, Josean Alija sukaldariak, eta erregulartasun saria jasoko duten bi artzainek aurkeztu dute gaur goizean Artzain Eguna, Gipuzkoako Foru Aldundian egin den ekitaldian. Artzaintza sektorea eta Idiazabal Gazta sustatzeko ahaleginaren barruan, apirilaren 8an Ordiziara inguratzeko deia egin dute. Halaber, bai plazan zein herriguneko kaleetan askotariko produktuak erosteko aukera izango da.

Aharien erakus- lehiaketa
Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.

Bi motako animaliak izango dira lehiaketa-erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

Latxaren lehiaketa morfologikoa izango da. Baina, animali horien arraza estandarrean oinarrituko dira epaileak ardi latxaren hautapen-eskeman sartu gabeko animaliak puntuatzean. Era berean, hautapen-eskemako animalietan, genealogia-balioak izango du lehentasuna (gurasoak, kumeak), morfologiaren gainetik.

Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mami dastaketa eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Transhumantzia birgogoratuz
Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Era horretan, gaur egun, garraioak ematen dituen aukerei esker ahaztua dugun pasadizoa bizi ahal izango dugu.

Josean Alija eta EROSKI Taldea
11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Josean Alija, Nerua Guggenheim Bilbao Jatetxeko sukaldariak Idiazabal gazta gaztea ebakiko du. Baina, aldez aurretik, EROSKI Taldeari egingo zaio , Euskal Herrian naiz Euskal Herritik kanpo Idiazabal Gaztaren banaketa eta difusioan egindako lanagatik. Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Ataungo Ixidro Sukia artzainari eta Sunbillako (Nafarroa) Luis Vicente Larrarteren gaztandegiari ere.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

Bisitariek Idiazabal Pakete Gastronomikoaz gozatzeko aukera izango dute, non herriko 5 jatetxek "Idiazabal Menu" paregabe bat + D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentrorako sarrera bat eskainiko duten, guztia 23€tan.

EGITARAUA

9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.
11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Josean Alija, Nerua Guggenheim Bilbao Jatetxeko sukaldariak ebakiko du gazta berria.
Aldez aurretik, Eroski taldea omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.
11:30- Gazta egitea eta mamie dastaketa, Garagartza plazan.
11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

***Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.