TXAPELDUNEN LEHIAKETA ETA FERIA HIRUKOITZA IZANGO DA BIHAR ETA LARUNBATEAN
Gazta txapeldunak eta Ardo feria, Betiko Marketa eta Bigarren Eskuko azoka datoz
Datorren ostiral eta larunbatean, urriak 30 eta 31, Arabar Errioxako ardoen 21. azoka ospatuko da Ordiziako Plaza Nagusian. Ardoa ez ezik, hainbat herrialdetako gazta dastatu eta erosteko aukera ere izango da, eta plazaren inguruan artisauak ere izango dira, “Betiko market” ekitaldi berrian eta Domu Santu Egunerako ohikoak diren lore eta erramuen saltokiak ere plazaren inguruan izango dira. Azokak honako ordutegia izango du: ostiralean 18:30-21:30 eta larunbatean 11:30-14:30 eta 18:30-21:30. Azokarekin bat, ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa jokatuko da larunbatean, 12:30ean hasita.
Ardoak dastatzeko aukera izango da Plaza Nagusian, Arabar Errioxako ardoak alde batetik eta bestetik upategi gonbidatuak izango dira. Horien artean segidako bodegak izango ditugu Ordizian asteburu honetan: Lar de Paula eta Viña Laguardia (El Villar herrikoak), González Bocos (Laguardia), Señorio de la Viñas (Laserna), Cordoba Martinez (La Puebla), Rioja Vega (Biana), Iñurrieta (Falces)... Gonbidatuen artean, Tomas eta Leire Bosque aita-alaba ordiziarrek sortutako “El catador de venenos” kluba dago, baita Basoa banaketak ere.
Dastagai egongo diren gazten artean, Idiazabal Gazta ez ezik, Erronkari, Kantabria, Asturias eta Zamorako gaztak izango dira. Horiekin batera, olio, kontserba eta hestebeteak ere egongo dira bisitarien eskura. Ordiziako Siglo XX Harategiak aurrez prestatutako jakiak izango ditu salgai.
Azoka hau antolatuta hiru helburu lortu nahi ditu Ordiziako Udaleko Jai eta Azoka delegazioak: kalitatezko ardoak aurkeztea eta ezagutaraztea; upategiei haien ekoizpena ezagutarazten laguntzea; eta kontsumitzaileek kalitatezko produktuak estimatzea.
TXAPELDUNEN TXAPELDUNA
Azokarekin bat, XXVIII. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa ere ospatuko da larunbat eguerdian, 12:30ean hasita. Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2006etik 2015era) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Honako gaztagileak arituko dira lehian larunbatean: 2007 eta 2009ko irabazle Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar); 2006 eta 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2008, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura) eta 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri).
Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.
Luxuzko Epaimahaia dugu oraingo honetan ere, Jose Juan Castillo lehendakari dutela zortzi lagunek osatuko dutena: Ruben Trincado sukaldaria (Mirador de Ulia Jatetxea, Donostia), Dani Lopez (Kokotxa Jatetxea, Donostia), Marta Albisu eta Patxi Perez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapena), Tito Irazusta eta Felix Ibargutxi (Kazetariak) eta Ordiziar entzutetsu bezala Joxe Mari Goenaga “Loreak” filma sarituaren zuzendaria.
BETIKO MARKET eta 2. ESKUKO AZOKA
Ardo eta gazta azokarekin bat eginez, Betiko Market eta Bigarren eskuko produktuen azokak antolatuko dira.
Mondragon Unibertsitatean sortutako Kimmu ikasle elkartetik datorren proiektua da Betiko Market. Honen helburua artista, diseinatzaile eta sortzaileen artean komunitate bat sortzea da. Horretarako azokak eta beste hainbat ekintzak antolatzen dituztelarik.
Oraingo honetan, Ordiziako Udal merkataritza eta kultura arloen babesarekin, Plaza Nagusiaren inguruan kokatuko da Betiko Market azoka eta bertan 13 artisau merkatari egongo dira beraien produktuak aurkeztuz eta hauek lantzeko moduak azalduz.
Parte hartzaileak hauek izango dira: Amonagoran, Kukamana, Rhoterisko, Una mama en las nubes, Te lo pinto, Bidasoa Vintage, Xaboi punpuila, Maridomingi, A&J Jewellery, Gozoegia, Espacio de interiorismo, Mattiren txokoa, Kimmu, eta Marta Art.
Betiko Market azokaren ordutegia urriaren 30ean, ostirala, 16:30tik 20:30ra eta urriaren 31n, larunbata, 11:00tik 14:30ra eta 16:30tik 20:30ra izango da.
Artisau merkatari hauez gain bi musikarien emanaldiak ekarriko ditu Betiko Market azokak. Urriaren 30ean 19:00tan Olatz Salvador eta urriaren 31n 19:30tan LIHER izango dira musika saio hauetaz gozatzeko aukera emango digutenak.
Betiko Market azokako artisau merkatariekin batera, herri desberdinetan bigarren eskuko produktuak aurkezten duen saltzaile talde batek ere parte hartuko du aste bukaerako ekimen honetan eta guztira 11 izango dira Bigarren Eskuko produktuen azoka osatuko dutenak, Plaza Nagusiaren inguruan eta Betiko Market azokaren ordutegi berdinean.