OLANOK EGITEN DU GIPUZKOAKO ODOLKIRIK HOBERENA
Gipuzkoa osotik etorritako 18 egile aurkeztu dira lehiaketara
Beasaingo Olano Harategiak irabazi du aurtengoan Ordiziako asteazkeneko azokaren baitan ospatutako Gipuzkoako XVII. Odolki Lehiaketa. Sarituak izan dira baita ere Ordiziako Mujika Odolkiak, Beasaingo Iñaki Zubeldia, Zaldibiko Pili Harategia, Ezkio.-Itsasoko Jesus Mª Deba eta Arrasateko Jose Antonio Izagirre. Gipuzkoa osotik etorritako 18 egile aurkeztu dira lehiaketara.
Aurreko urteetan bezala, Goierriko udalerriak babestu du Gipuzkoako Harakinen gremioak antolatutako txapelketa. Helburua artisau modura egiten den produktuaren sustapenean laguntzea da. Izan ere, odolkiak denboraldi honetan; hori da, azaroaren 11tik –San Martin- Gabonak bitarte du produkzio gehien.
Epaimahaiak honako ezaugarriak hartu ditu aintzat: itxura (tripa eta hestea), egosketa (ebaketa), xehea, testura, zapore-gustua (espeziak) eta amaierarako gustua.Hiru mahaitan banatuta, honako adituek osatu dute epaimahaia: Joxean Eizmendi (Ilarra Jatetxea, Donostia); Roberto Ruiz (Frontón jatetxea, Tolosa), Eukene Navío (Hotel Castillo, Olaberria), Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe jatetxea, Zaldibia), Ander Etxebeste (Oiangu Baserria, Ordizia), eta Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Sonia Tapia (aholkulari gastronomikoa) eta Luis Mocoroa (Gastronomiaren Euskal Anaiarteko Lehendakaria).