HILAREN 30EKOA, EGUBERRIETAKO APARTEKO AZOKA IZANGO DA
2015 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko ekitaldia eskainiko zaie
Urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena izango da datorren astean. Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik. Plaza Nagusian asteroko azoka izango da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa-erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa-erakusketa ere. Gargartza Plazan ere txerri erakusketa izango da, Bidaniako Pedro Urdapilletak ekarritako euskal txerriekin..
Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute Garagartza Plazan eta ingurumarian: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte eta Garagartza Plazan eta beste kaleetan eskuz landutako gainerako produktuak.
Honetaz gain, joan den urtean bezela eta aparteko azoka honen babesean, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, ohore handiz, 2015 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteazkenean, Udaletxe azpiko arkupean goizeko 11.00tan ospatuko den ekitaldian.
Jai goiza osatzeko eta giroa alaitzeko, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira Ordiziako kaleetan.