ORDIZIAK ENPLEGUA SUSTATZEARI LEHENTASUNA EMAN DIO ZENBAIT EKIMEN BIDERATUZ
Ekimena programan parte hartzeko epea ireki da uztailaren 8ra bitarte
Ordiziako Udalak datozen hilabeteetan zehar Enpleguaren sustapena eta Ekonomiaren garapenerako I. Udal Plana garatuko du. Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak, Iñaki Dubreuil Ongizate Saileko zinegotziak eta Javier Elizetxea Saregintza elkarteko ordezkariak planean sartzen den ekimenetako bat aurreratu dute: “Ekimena” enplegu eta ekintzailetza faktoria. Plana gaur egungo udal gobernuaren oinarrietako bat da eta foro batek udalerrian enplegua eta ekonomia sustatzeko ekintza guztiak koordinatuko ditu, Ordiziako azokaren zabalpen estrategikoan ahalegin berezia eginez. Gogora ekarri nahi dugu pasa den astean Merkataritzako II. Planaren oinarrizko ildoak ezagutarazi zirela.
Ekimena: enplegua helburu
Udal arduradunek Saregintzaren bidez koordinatuko den Ekimena proiektua aurkeztu dute, berehala jarriko baita martxan. Hautatuak diren pertsonek formakuntza eta laguntza proiektu espezializatu batean hartuko dute parte sei hilabetetan zehar. Enplegua bilatzeko proiektua da honakoa. Enplegu eskatzaile diren eta 22 eta 45 urte bitarteko ordiziarrentzako da. Une honetatik aurrera zabalik dago izen emateko epea eta uztailaren 8an itxiko da epea. Ondoren 20 pertsona hautatuko dira (eta bost gehiago erreserbarako) ekimenean parte hartzeko.
Helburua honako hau da: gutxienez parte-hartzaileen %80arentzako enplegua topatzea. Horretarako pertsona hauen “enplegagarritasuna” hobetuko da baliabide pertsonaletan entrenatuz eta lan merkatuan eskatutako konpetentziak sendotuz. Horrekin batera Ekimenako talde teknikoak gizarte-eragina duten negozio-ideiak identifikatu eta ebaluatzen ditu eta talde sustatzaileak martxan jartzea ahalbidetzen du, enpresetan bisitak eta hitzorduak finkatuz.
Parte hartu nahi dutenek udaletxeko herritarren arreta bulegoan (ordutegia, 8:00etatik 13:30tara astelehenetik ostiralera) eman behar dute izena edota izen-emate orria eskatu behar dute Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.posta elektronikoaren bidez. Eskaera epea amaitu ostean, teknikarien taldeak hautaketa egingo du ahalik eta azkarren lanean hasteko. Kontuan izango dira batez ere programarekiko konpromisoa eta dedikazioa.
Langabetuentzako formazio ikastaroa Goierri Eskolan
Orain arte aurkeztutakoez gain, Enpleguaren sustapena eta Ekonomiaren garapenerako I. Udal Planak ere baditu beste ekimen batzuk. Besteak beste, Udalak aldi baterako langabetuak kontratatuko ditu, udal lan-poltsa berrituko du, prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonei formakuntza okupazionala eskainiko die eta ikasketak osatu behar dituzten ordiziarrei praktika programa bat.
Azkenik, duela gutxi jakinarazi zen moduan, Beasaingo eta Ordiziako Udalek bi udalerrietako langabetuentzako formakuntza ikastaro bat sustatu dute, eta une honetan zabalik da ikastaroan izen emateko epea gogoratu dute.Ikastaroa Goierri Eskolan emango da eta bertan egin behar da eskaera. Ikastaroa irailetik 2017ko ekainera arte izango da egunero 13:30etik 18:30era. Eskualdeko enpresen beharrak kontuan izanda antolatu da eta bere izenburua ondorengoa da: “Ekoizpena eraikuntza metalikoetan eta saiakuntza ez-suntsitzaileak”. Batxilergo titulua edo baliokideren bat izatea beharrezkoa da eta ikastaroa amaitzen dutenei titulu ofizial bat emango zaie.
EKIMENA programan parte hartzeko eskaera orria: