Ordizianelkarteak eta udal zerbitzu batzuek erabilera eta abantaila gehiago eskaintzen dituen txartel berria erabiltzea proposatzen dute

Ordiziak bere VISA txartela izango du.   Hori jakinarazi dute Jose Miguel Santamaria alkateak, Esti Ruanok Ordizian elkartearen lehendakariak eta Iñigo Igartza de la Piedadek Nafarroako Rural Kutxako ordezkariak.  Alde batetik, munduko edozein tokitan erosketak egiteko erabili ahal izango da txartela, eta bestetik, Ordiziako kiroldegira sartzeko balio izango du, udal liburutegiko liburuen maileguetarako eta helbideratu gabeko ordainagiriak ordaintzeko.

Santamariak gogoratu duenez, ‘duela zazpi urte, lehenengo txartela sortu genuenean, bigarren fase batean VISA txartela lortzea jarri genuen helburu, autonomia gehiago ematen duelako. Honek esan nahi du fidelizazio kanpainak eta udalerriko merkataritza indartzeko aukera gehiago izango dugula’.  “Ordizian txartela”ren ordez atera den Ordiziako VISA errealitate bihurtu ahal izateko, lan handia egin behar izan da eta “azkenean" atera da.

Alkateak ekimen berri honen helburuak zerrendatu ditu.  Horien artean, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza hazteko eta garatzeko iturri gisa sustatzea; zerbitzua indartzea eta hobetzea erraztasunak sartuz; udalerriko establezimenduen irudia eta posizionamendua hobetzea;  lehiakortasuna areagotzea gastuak murriztuz, sustapen ekimenak eginez eta komunikazioa indartuz; abantaila ekonomikoak jakinaraztea eta herritarrekin lotura emozionalak ezartzea.  

 

Abantaila ekonomikoak eta balio gehigarriak

Esti Ruanoren, Ordizian Merkataritza, Zerbitzu eta Ostalaritza elkartearen lehendakariaren iritziz, proiektu honen misioa merkatari eta ostalari txikiek dituzten puntu ahulak murrizten edo ezabatzen laguntzea da; hau da, gastuak, sustapena, bezeroen kudeaketarako informazioa eta fidelizazio erremintak. 

Ondorengoa esan du: "Hobekuntza hauetako batzuen berri eman behar die elkarteak herritarrei eta Ordizian erosketak egiten dituzten bezeroei fidelizazio programaren eta Ordizian VISA txartel berriaren balio eta balore ekonomikoen bidez”.

Ruanok elkartearen berezko baloreen garrantzia azpimarratu du.  Ordizianek kalitatezko merkataritza eta aisialdi eremu gisa sustatzen du udalerria; merkataritza txikiaren garapena bultzatzen du; aberastasuna sortzen du eta udalerri mailan aberastasuna eta enplegua sortzen du; udalerriaren ongizatea hobetzen du, elkarte barruko establezimenduen gaitasun konpetitiboa areagotzen du; Erakundeen aurrean elkarte barruko establezimenduen ordezkaritza hobetzen du eta irismen ekonomiko eta sozial handiko proiektu teknologikoen garapenean aitzindaria da.

Proiektuaren barnean dauden –oraingoz- ia 60 establezimenduetan eska daiteke txartel berria martxoaren 1etik, asteazkena, aurrera, D’elikatuz zentroan martxo bukaerara arte egongo den elkartearen bulegoan, Majori kiroldegian, Barrenako udal liburutegian eta Nafarroako Rural Kutxako bulegoetan. Elkartearen kide diren establezimenduak txartelaren irudiaren bidez, establezimendu hauetan soilik ipiniko diren kartelen bidez eta elkartearen webgunearen bidez identifikatu ahal izango dira. Aurreko txartela duten pertsonek, jakinarazpena jasoko dute euren etxean, VISA berria jasotzeko gonbidapenarekin.

Proiektuarekin bat egiten duten udalerriko denden bezeroei eta ordiziarrei proiektuan sartzeko gonbidapena egin die lehendakariak, "Ordizian Txartela" eskatuz eta erabiliz.  Beste alde batetik, elkartekoak ez diren establezimenduak animatu ditu Ordizian elkartean sartzera eta proiektuan parte hartzera herritarrei abantaila ekonomikoak emanez.

 

Sustapena martxoaren 31ra arteko deskontuekin

Beste alde batetik, Igartzak azpimarratu du txartelaren jabe izate hutsarekin istripuzko heriotzen aurrean eta iruzurrezko erabileren aurrean aseguru bat izango dutela txartelaren jabeek, kiroldegira eta udal liburutegira sartu ahal izango dutela eta Udalean helbideratu gabeko ordainketak egiteko aukera izango dutela.

Txartela doakoa dela esan du, zenbait saltokitan interesik gabe hiru hilabetean ordaintzeko aukera ematen du, munduko edozein tokitan erabil daiteke eta ez da beharrezkoa Nafarroako Rural Kutxako bezero izatea. 

Txartelaren erabiltzaileek promozioaren abantaila ugariz gozatuko dute, besteak beste: deskontuak, erosketa txekeak eta txartelak, doako erosketak, hobariak, opariak, sariak, zozketak izango dituzte eta deskontuak Lazkaoko Avia zerbitzugunean.

Sustapen kanpaina martxoaren 31ra arte izango da.  Ordizian Visa txartelaren ordainketarekin bat egin duten saltokiek %5 eta %15 bitarteko deskontuak egingo dituzte.

Alkateak proiektua martxan jartzeko egin den ahalegina eskertu du eta martxorako merkataritzari dagokionez aurreikusitako egutegi “trinkoa” aurreratu du. 

Horrela bada, hilaren 10ean eta 11n stock azoka egingo da, erdialdean "Zabalik" ekintzaile berrien diru-laguntza programaren laugarren edizioa aurkeztuko da eta hilabete amaieran Ordiziako merkataritzaren bulego tekniko berria egongo den Kale Nagusiko lokalaren inaugurazioa egingo da.