ORDIZIAK ABIAN JARRI DU 'EKIMENA' PROIEKTUA BIGARRENEZ
Lehen ikastaroan parte hartutakoen % 70 lan-munduan txertatu da
Jose Miguel Santamariak (alkatea), Iñaki Dubreuilek (gizarte-zerbitzuetako zinegotzia), Javier Elizetxeak ('Ekimena' proiektuaren arduraduna), eta Maribel Zufiaurrek eta Ana Belen Araujok (lehen ikastaroan partaideak) lana aurkitzeko aukerak hobetzea helburu duen proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu dute. 'Ekimena' 2016-2017 aldirako Ordiziako Udalaren I. Enplegu Planeko bost ekintzetako bat da.
Santamariaren esanetan, udalari dagokio herritarrei lan-aukerak hobetzea ahalbidetuko duten enplegu-sustapeneko programak lantzea. Alkateak indarrean dagoen planeko bost lan-arloak ekarri ditu gogora: udalarentzat lan egiteko aldi baterako kontratazioa; lana bilatzeko bitartekaritza eta zuzeneko laguntza 'Ekimena'ren bitartez; Goierri eskolan prestakuntza lantzea; merkataritza suspertzeko babesa eta promozioa inbertsio publikoaren bitartez.Horrela, udalak une honetan, besteak beste, lau pertsona dauzka kontrataturik, eta hamazazpi izanik 'Ekimena' proiektuan parte hartu duten ordiziarrak.
'Ekimena' proiektuaren azken xedea da enplegu bat lortzea, besteren kontura nahiz norberaren kontura, eta horrez gain, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea, pertsona horiek beren kabuz beren helburuak aurki ditzaten eta finkatutako helmugarantz aurrera egiteko bidea eta oztopoak identifika ditzaten, merkatuarekiko beren posizio estrategiko pertsonala hobetuz eta, azkenik, enplegu bat lortuz.
Parte hartu dutenen % 70 lan munduan txertatu da
Ordiziari dagokionez, eta 'Saregintza' elkarte sustatzaileko kide Elizetxearen arabera, jarrera konprometitua, proaktiboa eta solidarioa duten 17 langabetuk osatu dute 'Ekimena' faktoria, elkarri laguntzeko inplikaturik eta prest, horien guztien helburua den enplegua lortze aldera.Pertsona horiek talde bat osatu zuten, eta beste pertsona bideratzaile batek koordinaturik, saiatu dira beren gaitasun pertsonalak eta profesionalak indartzen eta beren burua lan-merkatuan bistaratzen. Guztien helburua lortzeko ibili beharreko bidea sortzen lan egin eta elkarrekin jardun dira.Helburu hori enplegu bat lortzea da.
Proiektuan parte hartzeak berarekin zekarren konpromiso- eta parte-hartze maila altua. konpromiso hori, neurri batean edo bestean, bikain bete dute. Horrela, lan-munduratze hori % 80koa izatea espero zen, eta oraingoz % 70ekoa izatea lortu da.
Ekimenaren arduradunak gogora ekarri du faktorian hilabeteotan egindako lana taldekakoa eta banakakoa izan dela: ekintzailetzako lantegi praktikoak; prestakuntza-ekintzak hainbat arlotan (adimen emozionala, proaktibotasuna, nork bere burua ezagutu, pertsonei bultzada berria eman, komunikazioa eta sormena, networking...); bisitaldiak enpresetara eta intereseko ekimenak; lan-bitartekaritza; eskaintzak atzeman; ekitaldiak antolatu; prestakuntza praktikoa adituekin (aukeraketa-prozesuak eta laneko elkarrizketak, 'personal branding'/marka pertsonala, ekintzailetza, sare sozialak, eta abar).
Ana Belén Araujo eta Maribel Zufiaur faktorian parte hartu dute, ondoren aurrera pausu bat emanez. Hala, bakoitzak bere enpresa sortu du, Mind&Love Artisautza Araujok eta IKM hezkuntza zerbitzuak Zufiarrek.
Araujo duela hiru urte langabezian gelditu zen, urte askotan administrazioa eta banka arloan lan egin eta gero. ‘Kasualidadez ‘scrap’ eskulan teknika ezagutu nuen eta horretan nabil gaur egun’, dio. Ekimena proiektuak bere proiektu pertsonalean pauso bat aurrera ematen lagundu diola esan du.
Zufiarrentzat berak nahi duena argitzen lagundu izana da proiektuaren gakoetako bat. ‘Babestua eta oso gustura sentitu naiz, indarra eman didalako, zer nahi nuen jakiten eta martxan jartzen lagundu didalako’, dio. Une honetan ideia berriak lantzen ere ari da.
Maiatzean izen-ematea uztailean hasteko
Dubreuilek positiboki baloratu du esperientzia, eta bigarren ikastaroa martxan jarri dutela iragarri du; izan ere, 'udal-gobernuaren iritziz, nahikotasunez, are bikaintasunez ere, bete baititugu ezarritako helburuak'.
Parte hartu dutenen interesa, konpromisoa eta ahalegina azpimarratu ditu, baita proiektuan lan egin duten enpresen eta profesionalen jardunbide ona eta profesionaltasuna, eta beste instituzioen, erakundeen eta enpresen lankidetza ere; besteak beste Goierri Eskola, Lanbide, Goieki eta Amporena.
Bukatzeko honako hau esan du: 'Jasotzaileenganako asmo handiko proiektua ikusi dugu, parte-hartzailea eta lankidetzan jardutekoa, behar bezala diseinaturik, dinamikoa eta egokigarria, zorrotza, eta batez ere, arrakastarako proiektua'
Izena emateko epea maiatzaren 8tik 31ra egongo da zabalik.Ekainean zehar taldea osatzeko aukeraketa prozesua gauzatuko da, berehala hasteko asmoz. Enplegua eskatzen edo bilatzen ari diren Ordiziako 20 lagunentzat izango da, 22 eta 45 urte bitartekoak. Proiektua uztailean hastea aurreikusten da.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek udaletxeko herritarren arretarako bulegoan eman dezakete izena (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 13:30era bitartean), edo izena emateko orria eska dezakete helbide elektroniko honetan: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.. Eskabide-epea bukatuta, talde teknikoak aukeraketa egingo du. Oso kontuan hartuko dira programarekiko konpromisoa eta dedikazioa.