DATORREN ASTEAZKENEAN OSPATUKO DA EGUBERRITAKO APARTEKO AZOKA
2017 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du
Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izango delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.
Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik.
Plaza Nagusian asteroko azoka izango da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa-erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa-erakusketa ere. Gargartza Plazan ere txerri erakusketa izango da, Bidaniako Pedro Urdapilletak ekarritako euskal txerriekin..
Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute Garagartza Plazan eta ingurumarian: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte eta Garagartza Plazan eta beste kaleetan eskuz landutako gainerako produktuak.
Honetaz gain, joan den urtean bezela eta aparteko azoka honen babesean, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, ohore handiz, 2017 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteazkenean, Udaletxe azpiko arkupean goizeko 11.00tan ospatuko den ekitaldian. Aurtengoan ere, Plaza Nagusian Lazkaoko Aldasoro-Berri jatetxeko sukaldaria izango dugu “Ordiziako Azoka” pintxoak Idiazabal eran prestatzen inguratzen direnei banatzeko.
TXU-TXU TREN TURISTIKOA
Eguberritako kanpainaren barruan abenduaren 15 eta 16an martxan egon den Txu-txu tren turistikoak abenduaren 27ko goizean zehar eta eguberritako azoka bereziarentzat zerbitzua emanez, auzo eta aparkaleku guneetatik joan etorri zerbitzua emango du. Arratsaldean berriz, herriko kasko historikoan zehar ibiliko da, 18.00tan bisita turistiko berezia eginez.
“ORDIZIAKO TRENERA IGO ZAITEZ” KANPAINA
Turismo eta merkataritzako elkarlanetik datorren aukera hau eta Trena Ordiziara datorrela ikusirik, D´elikatuz zentroan baita Txu-txu trenean ere Ordiziako informazioa duen diptiko bat jasotzeko aukera izango dute bisitariek. Diptiko honetan Ordiziak eskualdeko eta kostaldeko beste herriengan duen gertutasuna azaldu nahi da, Ordizia bisitatu eta bertako aisia, turismoa eta erosketa aukera gozatzera gonbidatuz. Batez ere, asteazkenero ospatzen den azokara, ospatzen diren azoka berezietara eta kasu honetan Eguberritako kanpainara gonbidatuz.
Diptikoa jasotzen duten bisitari edo herritarrek, Ordiziako saltokietan erosketa bat egin eta diptikoan honetara zuzendua dagoen tartean zigilua jarriz, beraien datuekin D´elikatuz zentroan diptikoa aurkeztu eta Goierriko produktuen sorta baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
Jai goiza osatzeko eta giroa alaitzeko, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira Ordiziako kaleetan.
Eguna bukatzeko, D´elikatuz Zentroan arratsaldeko 19.00tan eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean Idiazabal Gazta, gazta urdinak eta Jerezeko ardoen dastaketa eskeiniko da. Jerezeko ardoetan aditua den Iban Mate sukaldaria bertan izango da baita Javier Miguel ere “Graphic recording” teknikan aditua. Izen-ematea D´elikatuz Zentroan edo 943882290 telefonoan egitea ezinbestekoa da.
Zalantzarik gabe, egun eder eta atsegina pasatzeko aukera bikaina izango du Eguberrietako azoka berezi honetara, asteazkenean, hilak 27, Ordiziara etortzen denak.