2017an saritutako Idiazabal gazta ekoizleen meritua aitortu da

Eguraldiak lehen ordutan lagundu ez badu ere, ez da girorik falta izan Ordizian Gabonetako Azoka Berezian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izan delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.

Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtu da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko.

2017 URTEAN NAZIOARTE MAILAN SARITUAK IZAN DIREN IDIAZABAL J.I. GAZTANDEGIEI AITORTZA EKITALDIA

Ordiziako Gabonetako Azoka Bereziaren baitan, Idiazabal Jatorri Izendapenak, ohore handiz ospatu du, Ordiziako IDIAZABAL GAZTAREN KOFRADIAREkin elkarlanean, 2017an Nazioarte mailan sarituak izan diren Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegien aitortza ekitaldia. Izaro Iraetak aurkeztu du ekitaldia, erakundeetako ordezkariak lagun zituela (Ordiziako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua...) eta gaurko protagonistak izan diren gaztagile sarituak zoriondu nahi izan dituzten beste hainbat lagun.
Ekitaldia Goierriko Bertso Eskolako bertsolarien bina bertsorekin hasi da, ondoren Idiazabal Jatorri Izendapeneko Jose Mari Ustarrozek, gaztandegiei eskertza hitzak zuzendu dizkielarik, Jatorri Izendapena eta Idiazabal Gaztaren sustapenean egiten duten lanagatik.
Ondoren, Izaro Iraetak, banan banan saritu guztiak aurkeztu ditu, ospatu den azken Lehiaketatik hasiz:
Hamaikagarren urtea da Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegiek WORLD CHEESE AWARDS lehiaketan parte hartzen dutela eta aurreko urteetako bezain emaitza bikainak ateratzen dituztela. Emaitza ezinhobea izan da aurtengoan ere, 52 domina lortuz: Urrezko 8, zilarrezko 12, eta brontzezko 32.

Beste lehiaketan hauetan ere sariak jaso dituzte: 2017 "Gourmet Quesos" lehiaketa,  2017 “Roma Saria” nazioarteko lehiaketa eta Great Taste 2017.

Aipamen berezia merezi du 2017ko Espainiako Elikagai onenen lehiaketan, Ardi Gazta onenari Eulateko Ricardo Remirok jasotako sariak.