Ordizia TxapeldunArdo eta Gazta zaporeak bilduko ditu Ordiziak larunbatean

Ordiziak Gazta eta Ardoen V. Feria ospatuko du datorren larunbatean. Honekin batera, Ordizia Txapeldun gazta lehiaketaren XXV. edizioa egingo da, eta artisauak ere izango dira Ordiziako Plaza Nagusiaren inguruan.

Izendapen desberdin eta penintsula osoko gazta eta ardoak berriro bilduko dira Plaza Nagusian, larunbatean zehar, 11.00etatik 14.30etara eta 18.00etatik 21.30etara.


Ardoen jatorria anitza izango da ere aurtengo edizioan. Nafarroa, Errioxa, Arabako Errioxa, Ribera del Duero, Toledo, Toro, Rueda, Somontano, Extremadura, Lanzarote eta La Manchako ardo beltz, gorri eta zuriak izango dira. Katalunyako cavak eta Argentinako ardoak ere izango dituzte bere tokia ferian. Hau da, penintsulako eskaintza handi eta apartaren selekzio ordezkatzailea.

Txapeldunen txapelduna

Bikote perfektua osatuz, ardoak gaztarekin konpartituko du protagonismoa. Aurreko urteetan, 'Ordizia Txapeldun' gazta lehiaketarekin egin ohi du bat ardo feriak. Aurten ere horrela egingo da. Izan ere, azken hamar urteetako (2003tik 2012rako) Iraileko, Ordiziako Ardi Latxaren gazta lehiaketako irabazleak euren artean lehiatuko dira. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.

Lehiaketa larunbatean 11:30etan izango da eta honako artzainak bilduko dira: 2003.- Pascual Lopez de Uralde (Larrea); 2004.- Angel Errasti Oñaederra (Ardi Gazta Kooperatiba-Azpeitia) ; 2005, 2007 eta 2009 .- Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar) hiru lote; 2006 eta 2010 J. Aranburu Elkartea (Idiazabal) 2 lote ; 2008 eta 2011 - Ricardo Remiro Aguirre (Eulate) 2 lote eta azkena 2012ko irabazlea, Jon Etxebarria Etxebarria (Zeanuri).

Hiru lote hoberenak diru-saria jasoko dute: 475 euro irabazleak, 315 bigarrenak eta 210 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu baino gehiago lortuz gero.

Epaimahaia honakoek osatuko dute: Juan Mari Arzak (Arzak Jatetxea-Donostia), Ahizpea Oihaneder (Xarma Jatetxea-Donostia) eta Javier Díaz (Iruñeako "Alhambra" jatetxea) sukaldariek; Mikel Zeberio eta Felix Ibargutxi kazetariek, Maider Unda artzaina eta olinpiar domina, eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko Jose Ramón Agiriano eta Patxi Perez Elortondo teknikariek. Lehiaketaren presidente bezala Jose Juan Castillo sukaldaria arituko da.

Idiazabal, oso ondo lagunduta

Hala, Idiazabal gazta ez da egun horretan egingo den Gazta eta Ardoaren V. Feria horretan izango den gazta bakarra. Kasu horretan ere ardi, behi eta ahuntz esnez egindako gazta dastatu eta/edo eros daiteke, hainbat autonomia erkidegoetan sorturikoak. Erronkari, Kantabria, Asturias, Galizia, Katalunia, Murtzia, Extremadura, Gaztela..., eta Iparralde eta Frantziako gaztak ere izango dira.

Jateko ez dira gazta bakarrik egongo, beste "delikatessen" batzuk era izango dira dastagai: urdaiazpikoa, txorizo, foie, txokolatea, olioak, Unanue Gozotegiaren pastak eta pastelak, kontserbak.... eta horiekin batera artisau produktuak ikusgai eta salmentarako izango dira, besteak beste, xaboiak, bitxiak, larrugintza, pilotak, beira, haur jantziak, egurrezko jostailuak, koadernaketa, zeramika, egurrezko lanak, papera...

Hitzordu erakargarria larunbata honetan Ordizian.