ARTZAIN EGUNAREN TXANDA
Goenaga zinegileak moztuko du gazta
Ordizian 2018ko azoka berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 4an Ordizian. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Joxe Mari Goenaga, Ordiziar Zine Zuzendari eta gidoilariaren eskutik. Donostian aurkeztu dute feria.
Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.
Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.
Aharien erakusketa
Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.
Bi motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.
Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamia dastatzea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.
Transhumantzia birgogoratuz
Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.
Eta artzain gehienak kamioiez Aralar edo Aizkorriko magaletara garraiatzen dituzten arren, badaude oraindik antzinako usadioa mantentzen dutenak, ordutegi zehatz eta ez ohikoetan beraien bidaia osatuz. Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.
Joxe Mari Goenaga eta Zacarias Puente
11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Joxe Mari Goenaga Zine Zuzendari eta Gidoilari Ordiziarrak gazta gaztea ebakiko du. Baina, aldez aurretik, Zacarias Puente, Kantabriako Gazta Kofradiaren sortzaileari omenaldia egingo zaio ,Euskal Herritik kanpo Idiazabal Gaztaren difusioanegindako lanagatik.
Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Legazpiko Aitor Mantxola artzainari eta Udabeko (Nafarroa) Dorrea Gaztandegiari ere.
Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.
Bisitariek Idiazabal Pakete Gastronomikoaz gozatzeko aukera izango dute, non herriko bost jatetxek “Idiazabal Menu” paregabe bat gehi D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentrorako sarrera bat eskainiko duten, guztia 23 eurotan.
Ordizia 750. Ordiziako Kasko historikoaren bisita gidatu antzeztua
Arratsaldeko 18.00tan Ordiziako D´elikatuz Zentroa eta Urrup Antzerki taldeak elkarlanean, Ordiziako kasko historikoaren bisita gidatu antzeztua eskainiko dute.
EGITARAUA
9:00- Ahari eta ardien erakusketa Garagartza plazan.
Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.
11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Joxe Mari Goenaga Zine Zuzendari eta Gidoilari Ordiziarrak ebakiko du gazta berria.
Aldez aurretik, Zacarias Puente, Kantabriako Gazta Kofradiaren sortzailea omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.
11:30- Gazta egitea eta mamia dastatzea Garagartza plazan.
11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.
18:00- Ordiziako kasko historikoaren bisita gidatu antzeztua D´elikatuz Zentroa eta Urrup Antzerki taldearen eskutik. D´elikatuz Zentroan hasiko da.
Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.