IDIAZABAL GAZTA BERRIA SEVILLAN MOZTU DA
Joxe Mari Goenagak ‘zinea’ erabili du gazta moztu eta Andaluziatik bere agurra Ordiziara bidaltzeko, hartu behar zuen hegaldia bertan behera geratu eta gero
"Idiazabal gazta, gure paisaien esentzia’ hitzekin egin dio harrera gazta berriari Joxe Mari Goenaga zinemagile ordiziarrak Idiazabal gazta berriari. Ezin izan du Ordiziako udaletxeko batzar aretoan egon, atzo Sevillan hartu behar zuen hegaldia bertan behera geratu baitzen. Baina gidoia berehala prestatuta, Sevillan bertan ‘sinbolikoki’ gazta mozten bideoa grabatuta bidali du. Bere gurasoak eta ‘Handia’ filmako Joseba Usabiaga, Iñaki Gomez eta Iñigo Aranburu ordezkariak egon dira ekitaldian. Bere amak, Izaskun Balerdik, eta Joseba Usabiaga aktoreak moztu dute gazta berria Ordizian Goenagaren izenean.
Artzain Egunaren baitan beste behin antolatu den jai honetan Idiazabal Jatorri izendapeneko erregulartasun sariak ere eman dira. 2017 urteko Erregulartasun-kalitate sariak Makatza Gaztarekin Legazpiko Aitor Mantxolak eta Udabeko Dorrea Gaztandegi nafarrak jaso dituzte.
Batzar aretoa txiki geratu da beste behin. Udaleko ordezkariekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundikoek. Hala, Bittor Oroz Jaurlaritzako Landa Garapeneko sailburuordeak eta Aldundiko Xabier Arruti Landa Garapeneko zuzendariak euren babesa eskaini diote artzainen lanari. Hauekin batera, beste erakundeetako ordezkariak, sukaldariak eta, bereziki, artzainak izan dira bertan. Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak eta Jose Mari Uztarroz Idiazabal jatorri izendapeneko presidenteak ere hitza hartu dute. Artzainen esfortzua eta artzaintzaren balioak aitortu eta eskertu dituzte denek eta euren lanarekin erakundeen konpromisoa berretsi dute.
Zacarias Puente izan da edizio honetan omendua. Kantabriako Gazta Kofradiaren sortzailea da bera, besteak beste, gaztari, Ordiziari eta Euskal Herriari oso lututa dago eta Euskal Herritik kanpo Idiazabal Gaztaren difusioan egindako lana eskertu zaio.
‘Sindikatoa’, ehun urtez
Aurretik, 2020ean 100 urte beteko dituen nekazarien kooperatiba, ‘Sindikatoa’ inauguratu da. Berrikuntza sakon baten ondoren, helburu berriekin lanean segitzeko asmoa agertu dute, Ordiziako Euskalerri kalean dagoen egoitza-denda eta proiektuko arduradunek.
Gainera, hamaiketan puntuan, tradizioak agintzen duen moduan, 2.000 ardik baino gehiagok Ordiziako kaleak zeharkatu dituzte, mendirantza, aspaldiko garaietan egiten zen moduan.
Ahari erakusketara gerturatu direnek Gipuzkoako puntu desberdinetatik etorritako ahari eta ardi buruak ikusteko aukera izan dute. Beste behin, baita bildots erreak dastatzeko ere, ASPANOGI, Gipuzkoako minbizidun haurren gurasoen elkartearen alde.
Garagartza plazan bertan ile-mozketa erakustaldia eta ardi eta ahari erakusketa egin dira. Ondoko kaleetan artisauen postuak jarri dira.