Iniziatiba adosteko eta Plan Berezia eta baldintza plegua onartzeko prozesua 2016ean hasi zen

Ordiziako Udalak Filipinak kaleko 6. zenbakiko lur-zatia salduko du horretan hotel bat eraikitzeko. Lehiaketako baldintza-agiria astelehen honetan (maiatzaren 21a) eman da argitara Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta lehiaketan interesa duten pertsona edo entitate juridikoek hamabost eguneko epean, ekainaren 5erako, aurkeztu beharko dute eskaintza. Jose Miguel Santamariak (alkatea) eta Jose Ignacio Iturriotzek (Garapen Ekonomikoa, zinegotzia) une honetara iristeko ibili den bide luzearen berri eman dute, eta pozik agertu dira lursail hau balorean jarri y udalerrirako beharrezkoa den zerbitzua, hotela, izatea ahalegintzeagatik.

Proiektu horretarako erabiliko den lurzatia udalarena da 1955eko uztailaz geroztik.Lur-zatiaren barruan dago garai batean osasun-zentroa eta gerora Gaztetxea izan zen eraikina.Hutsik dago, eta ez zaio erabilerarik eman 2012az geroztik, beharrezkoak diren segurtasun- eta bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituelako, eraikinaren egoera zein zen orduan kontratatutako enpresa batek egindako txosten teknikoaren arabera.

Lur-zatia etxebizitzarako bideratuta zegoen.'Alabaina, hotel bat eskaintzeko aukera ikusi genuen, konpondu beharreko kontu bat hori; izan ere, paradoxikoa da halako baliabiderik ez edukitzea turismo-merkatuan leku bat izan nahi dugunean, eta Gipuzkoako hotel-jarduerak hazkuntza nabarmena izan duenean, Donostiak duen asetasunaren ondorioz. Baliatu beharreko aukera dugu hori. Horregatik, gaztetxea izandako lursailean hotel bat egiteko aukera proposatu zitzaion gobernu-batzordeari', adierazi die alkateak hedabideei.  

Partzela besterentzeko aldeko txosten juridikoa eta  erabilera aldatzeko Plan Berezia

Alderdi politikoen adostasunarekin abiarazitako prozesua luzea eta neketsua izan da, Santamariaren esanetan. 'Gobernu-batzordeari aukera horren berri eman genion 2016ko amaieran. Lur-zatiaren tasazioa aurkeztu genuen, eta lurzatia udalarena izanik ere, legez besterendu zitekeela azaldu genuen'. 2017ko urtarrilean berriro ere gai horren inguruko informazioa eman genuen. Bilera hartan talde guztiek herriak arlo horretan duen premiarekiko adostasuna adierazi zuten, eta proposamena positiboki baloratu zuten. 

Hurrengo bilerarako prestatutako txostenak ondorioztatutakoaren arabera, udalarentzat onuragarriena lur-zatia besterentzea zen; hau da, jabetza 'saltzea, dohaintzan ematea edo lagatzea'. Alkatearen hitzetan, 'inor ez zen horren aurka agertu'. Zeuden prozeduren artetik, lehiaketara ateratzeko izapideak abiaraztea erabaki zen. Bilera horretan berean, gobernu-batzordeak proposatu zuen lurzati hori bizitegirako lurzatia izatetik hirugarren/ostalaritza sektorera aldatzeko beharrezkoa zen plan berezia edo planeamendua idaztea.

Ekainean plan berezia onartu zen hasiera batean. Jendaurrean jarri zen eta ez zen alegaziorik jaso.Ordea, hainbat eragozpen izan ziren ondoren Plan Berezia behin-betirako onartu ahal izateko.

Baldintza plegua eta enkanterako prezioa

2017ko abenduaren 11ko gobernu-batzordean proiektua desblokeatu zen eta enkanterako baldintza plegua lantzen hasi zen. Hurrengo otsailean aurkeztu zen, eztabaida hasi zen eta udal talde guztien gustukoa ez zenez, horien baldintzak jaso ziren. Ondorengo bileretan plegua borobildu zen. ‘Ez da udal gobernuaren gustukoena, baina bai posible izan dena’, azpimarratu dute udal arduradunek.

Baldintza ekonomikoen agiriak baldintza orokorrak eta enkantera ateratzeko prezioa zehazten ditu; hau da, 393.797 euro. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara emanda, lehiaketan interesa duten pertsonek edo erakundeek baldintza-agirian eskatutako dokumentazioa eta eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko dituzte hamabost eguneko epean. Baldintza-agiriak prozesuari buruzko guztia zehazten du, eta eskaintza ekonomikoa egiteko eredua jasotzen du.

Kontratazio mahaiak aurkeztutako agiriak aztertu eta kalifikatuko ditu lehenengo. Eskaintza ekonomikoa hortik hamar egunera irekiko da, jendaurreko ekitaldian.Proposamenak irakurriko dira, eta Mahaiak esleipen-proposamen bat egingo du.Prozesuaren hurrengo urratsean, lizitatzaileak bere betebeharrak beteak dituela bermatuko ditu eta ondoren kontratua formalizatzeko eman beharreko urratsak emango dira.

Eskritura formalizatuta, egikaritze-proiektua aurkeztu beharko da lau hileko epean.Hotel-proiektuak erabilera osagarriko eta ostalaritza-zerbitzurako etxebizitza bat jaso dezake.  Obra-lizentzia emanda, lanak bi hileko epean hasi beharko dira, eta bi urteko epean bukatu.Baldintza hori bete ez bada, udalak jabetza berreskura dezake.

Alkateak, bukatzeko, esan du espero duela luze gabe Ordiziarentzat hotel-proiektu bat edukitzea.'Denbora gehiegi eman dugu proiektu hori errealitate bihurtuko duten oinarriak ezartzen.Udal-ordezkarien esanetan, 'berri ona izango da merkataritzarentzat, azokarentzat, ostalaritzarentzat eta urtean zehar antolatzen ditugun makina bat kultura-, jai- eta kirol-jarduerarentzat'.

GAO-eko Iragarkia:

https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2018/05/21/c1803361.pdf

Klausulak Agiria

*Argazkian, Santamaria eta Iturrioz partzelaren aurrean.