MEKATRONIKA ORDIZIAKO LANGABETUENTZAT
Udalak diruz lagundutako ikastaro berrian izena emateko epea zabalik dago Goierri Eskolan
Ordizian edo Beasainen erroldatuta dauden langabetuei zuzenduta, Goierri Eskolak Mekatronika ikastaroa emango du urritik aurrera. Bi herrietako udalek finantzatua da ikastaroa bere osotasunean, enplegua sustatzeko eta langabetuei benetako laneratze aukerak eskaintzeko xedez. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago eta urriaren erdira arte luzatuko da.
Langabezian egoteaz gain, eskakizunetako bat da batxilergo titulua, erdi-mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea izatea.
Ikastaroa gainditzen dutenek 3.mailako Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratuko dute Makineria, Tresneria Industriala eta Produkzio-lerro automatizatuak mantentzeko eta muntaketa ikuskatzeko lanen planifikazio eta kudeaketan. “Balio anitzeko profila da eta industriak asko eskatzen duena momentu honetan”, dio Goierri Fundazioaren zuzendari-gerente Iñaki Zabalok.
Ikastaroak 930 orduko iraupena izango du. Horietatik 630 ordu formakuntza moduluei dagozkie. Goierri Eskolan emango dira saioak astelehenetik ostiralera 13:35etik 18:25era. Beste 300 ordu enpresetan egin beharko diren praktikei dagozkie.
Ikastaroa urriaren 22an hasiko da eta formakuntza atala maiatzaren 17an amaituko da. Behin hori bukatuta, praktikei ekingo zaie.
Ikastaroan jorratuko dira, besteak beste, makineria, tresneria industriala eta ekoizpen-lerro automatizatuen instalazioen muntaketa eta ikuskapena, mantentze lanen antolaketa edota martxan jartzea.
Informazio gehiago Goierri Eskolan emango da. Korreoz idatzi daiteke, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.helbidera, edo 943880062 telefonora deituta.
Iazko esperientzia, ezin hobea
Aurtengoa bigarren ikastaroa da. Iazko emaitza ezin hobeak kontutan hartuta antolatu da. Izan ere, aurreko ikasturtean parte hartu zuten ikasle ordiziar guztiak lanean daude gaur egun. Enplegua sustatzeko Udalak hartutako bideetako bat da. ‘Formula berrik, praktikoak, eraginkorrak, zorrotzak bai, baina etorkizuna izango dutenak landu nahi ditugu, bailarako beharretara egokituta’, diote Jose Miguel Santamaria alkateak eta Iñaki Dubreuil zinegotziak. Enplegua eta ekonomia sustatzeaz gain, herritarrekiko ‘konpromisoa’ agertu nahi dute eta ekimen gehiago iragarriko dira laster.
Ikasle ohiek ere euren iritzia eman dute.
Asier Garmendiak lan-merkatura gerturatzeko aukera izan zuen eta praktikak egin ondoren, enpresak kontratua egin zion eta lanean segitzen du. Ikasle berrientzat badu aholkua: ‘jarrera ona agertzeko jasotako formazioa aprobetxatuz esango nieke’, dio.
Covadonga Alonso ere lanean ari da. ‘Enplegu planari esker lana lortu nuen, eta hori zen nire helburua’, esan du. Gainera, formazio akademikoa hartzeko inoiz ez dela berandu berresteko idea indartu du. Hasterakoan zalantzaren bat izan zuen, bere perfilak eta formazio akademikoak zerikusi handirik ez zuelako. Baina bere buruari ‘aukera’ ematea erabaki zuen eta emaitza guztiz positiboa dela azpimarratu du. Une honetan beste lan mota bat du, baina Mekatronikarekin lotutako lan aukerak ere jaso ditu. ‘Momentua eta ematen den aukera aprobetxatzeko da niri aholkua’, amaitu du.