Trukeguneak martxan jarriko du izandako arrakastagatik
Objektuen berrerabilpenaren beharrezkotasun eta garrantziari helduz, Kutxa Ekoguneak sortu eta bultzatzen duen trukegune sarera batu zen azaroaren 20an Ordiziako Udala. Aste guzti hauetan Udaletxeko arkupetan prest egon da Trukegunea, eta, izatez, urtarrilaren 7an amaitu behar zen ekimena. Hala ere, orain arte ikusitako arrakasta aintzat hartuz, Udalak ekimenaren jarraitzea erabaki du eta martxan jarraitzea Trukeguneak Ordizian; oraindik ere amaitzeko epea ez da zehaztu, beharraren arabera egingo baita.
"Ordiziar eta asko izan dira Trukegunera gerturatu direnak eta etxean erabili gabe zituzten objektuei bigarren bizi, erabilpen bat emateko hautua egin dutenak. Dudarik gabe, eskertzeko jarrera da, eta gogorarazi nahi diegu oraindik ere badutela denbora ekimen honekin bat egiteko", nabarmendu du Maitane Alvarez alkateordeak. Arrakastaren erakusle da arkupean egokitutako gunea liburuz, diskez, eta etxeko apaingarriez beteta dagoela gaur egun. "Beraz, zalantzarik gabe ikus daiteke ordiziarrek bat egin dutela eta haien kontzientzietan badagoela berrerabilpenaren garrantzia", gehitu du.
Trukegunearen kontzeptua Alemanian hasi zen "GiveBox" mugimenduaren izenpean. Hauek kalean jartzen diren guneak dira, erabilera librekoak. Objektuen trantsizio eta zaintza espazio bat da, non objektuak jabetza librekoak bihurtzen diren. Objektuari balioa edo erabilera begira dagoenak emango dio, eta horren arabera trukatu. "Bertan, erabiltzen ez diren objektu zehatz batzuk utz eta hartu daitezke, beti ere, beste pertsona batek berrerabiltzeko moduan dauden bitartean. Ez da beharrezkoa zerbait uztea bertatik gauzaren bat hartu ahal izateko", azaldu du alkateordeak.