Programa honetan saio teoriko praktikoak eta sustapen saioak egingo dira. Izen ematea zabalik dago

Datozen asteetan, ekintzailetza soziala eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko programa jarriko da martxan Ordizian, OlatuKoop, Biziola eta Ordiziako Udalaren eskutik. Guztira, 6 saio teoriko praktiko egingo dira, eta horietarako izena eman beharko da, koopfabrika.eus/goierri helbidean. Horrez gain, sustapen saioak ere egingo dira, zeinetan Goierrin eta Ordizian ditugun erronka sozioekonomiko zehatzak landuko diren. Agerraldian izan dira Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, Naroa Elortza eta Andoni Mikelarena, biak Biziola sareko kideak.

COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak orain arte ere bazeuden hainbat krisi azaleratu egin ditu. Orain arteko garapen ereduak eta oinarrian dagoen sistema soziekonomikoak, XXI. Mendeko gizartea aurrez ia ikusi gabeko erronken aurrean kokatu du. Erronka horiei inor atzean utzi gabe erantzun nahi die Goierrik, eta horretarako gainbat erronka soziekonomikoei aurre egin beharko die: zaintzak eta bereziki zahartzaroari dagozkionak, aldaketa klimatikoa, digitalizazioa, ekonomiaren dibertsifikazioa, eraldaketa feminista, lehen sektorearen biformulazioa, etab.

Komunitatearen jarraikortasuna bermatuz, erronka konplexu hauei erantzuteko, ekintzailetza sozial eta kooperatioa eredu interesgarria izan daitekeela uste da, eta horregatik jarriko da programa berritzaile hau martxan.

Programa honetan, gaiaren inguruko formakuntza teoriko-praktikoa jasotzeaz gain, gaur egun martxan dauden proiektuak ezagutzeko aukera izango da. Beste herri zein eskualdeetan garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko aukera izango da, eta Goierrik etorkizunera begira dituen erronkei aurre egiteko tresnak barneratzen hasteko tartea ere emango du.

Programa hau Ordiziako Udalaren, Biziola, Goierriko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sarearen eta Olatukoop sarearen arteko elkarlanari esker gauzatuko da.

Saio teoriko praktikoak. Ordiziako Udaletxeko batzar aretoan 09:30etatik 13:00etara.

URRIAK 3. Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta kooperatibismoaren oinarriak.

URRIAK 17. Tokiko garapen eraldatzailea, lurralde bizigarriak sortzeko bidea.

URRIAK 31. Talde-kudeaketa eta antolaketa parte-hartzaile, inklusibo eta demokratikorako tresnak.

AZAROAK 14. Ekonomia feminista eta ekintzailetza soziala aniztasunetik.

AZAROAK 28. Harremanak, sare komunitateak eta marketin komunitarioa.

ABENDUAK 12. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan.

Doako ikastaroak dira baina izen ematea beharrezkoa izango da. Izen emate muga hori gaindituko balitz, ordiziarrek lehentasuna izango dute programan parte hartzeko.

Sustapen saioak. Ordiziako Barrena Jauregian, 18:00-20:00.

Saio hauetan Goierrin Ekonomia Sozial Eraldatzailearekin garrantzia izan dezaketen gaiak landuko dira, eta gai batzuk zehaztu badira ere, proiektuan zehar sortutako interesezko gaien arabera egokituko dira. Hala ere, saioak herritar guztiei irekita egongo dira; formazioaz gain, Goierriko eragileak saretzea du helburu:

1) Urriak 6: Etxebizitza kooperatiboak

2) Urriak 27: Elikadura burujabetzarantz, ikuspegi kooperatibotik

3) Azaroak 10: Zaintzaren krisia eta erantzun kooperatiboa

4) Abenduak 1: Kultura ikuspegi kooperatibo-komunitariotik

Informazio gehigarria: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. edo 689 584 594 telefonoan.