Jakitea Elkarteak ebakiko du XXVII. Idiazabal Gazta berria
Covid19ak eragindako pandemiak iazko Artzain Eguna bertan behera utzi zuen, eta urtebete ondoren, oraindik ere zuhurtziaz jokatzeko garaia dela gogorarazi du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. “Horregatik, eta segurtasun neurriak osotasunean bermatzea ezinezkoa izango denez, Artzain Eguneko azoka ez ospatzea erabaki da”.
Hala ere, artzainen lana zaildu denaren eta esfortzuak biderkatu behar izan dituzten honetan, sektoreari babesa eman eta izan ditzaketen salmentetan eraginez, Ordiziako Udalak XXVII. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena egingo du, apirilaren 7an, goizeko 11:00etan, Oianguko parkean. Idiazabal Gaztaren Jatorriko Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean antolatutako ekitaldi honek edukiera mugatua izango du, eta komunikabide eta gonbidatu gutxietara bideratua izango da. Idiazabal Gaztaren mozketa, aitortza berezi bat, eta erregulartasun sariak emango dira ekitaldian.
Jakiteak ebakiko du gazta
2021eko Idiazabal gazta berriaren ebakiera, urtero legez, gure gazta sustatuko duen pertsonaia edo elkarte batek burutzen du, eta aurtengoan, sukaldaritza tradizionala sustatzen duen Jakitea Elkarteak egingo du.
Jakitea Elkartea betiko sukaldaritza, gure betiko euskal sukaldaritzak sortutako platerak eta bere tradizioari mantentzen dioten sukaldariak indartzeko eta sustatzeko helburuekin jaio zen. Aurreko helburuei heltzeko oinarria kalitatezko produktuetan hartzen dute, inguruko ekoizleak, Km 0ko produktuak eta jatorrizko produktuak erabiltzen dituzte.
Aitortza Ustarrozi
Aurtengo ekitaldian ez da ohiko omenaldirik eskainiko, baina hamazazpi urteko jardunaren ondoren Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritza utzi duen Joxe Mari Ustarrozi aitortza ekitaldi xume bat egingo zaio Ordiziako Udalaren eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiaren aldetik.
Erregulartasun sariak
Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenak iragan urteko ekoizpenaren datuak emango ditu eta artzain eta gaztandegi erregularrenak sarituko ditu. Kontseilu Erregulatzaileak 2020 urtean bere kalitate eta erregulartasunagatik gazta egile hauek saritzea erabaki du:
Artzain ekoizle saritua: Ander Barandiaran Mujika (Gaztañaditxulo, Idiazabal)
Ander Barandiaranek Goierriko Idiazabal herrian egiten ditu bere gaztak, larre eta basoz inguratuta, Gaztañaditxulo baserriak duen nortasunaz jantzia. Arbasoen usadioak mantenduz eta berrikuntzarekin uztartuz, ingurugiroarekiko jasangarritasunean esne kalitate gorenena lortzea da gaztandegi txiki honen helburua. Gazta bakoitza egindako lanaren, esfortzuaren eta bere zaporearen atzean dagoen bizimodu eta pasioaren emaitza delarik, artzaintzarena alegia.
Gaztandegi saritua: Goiburu Gaztandegia, Idiazabal.
Abel Goiburuk, Idiazabalen du gaztandegia. Abelek bere familiatik hartu du artzaintza eta gaztagintzaren testigua. Juanak eta Domingok haien bizitza osoa Idiazabal gazta munduan pasatu ostean, haien jakintza eta kalitatezko errezeta semeari utzi diote. Izendapenetik garrantzia handia ematen diogu kasu hauei; non ezagutzen transmisio familiarra uztartzeaz gain, lan onaren eta arrakastaren aldeko apustua egiten den belaunaldi berrietan.
Gazta berriaren mozketaren inguruan informazio gehiago hemen duzue eskuragarri: https://www.ordiziakoazoka.eus/azoka-bereziak/artzai-eguna/historia
Hemen dituzue Idiazabal Jatorri izendapenaren datuak: Idiazabal Gazta Ekoizpena
OHARRA: Kontuan izan aurtengo ekitaldiak edukiera mugatua izango duela, eta komunikabide, gonbidatu eta ordezkari gutxi batzuetara bideratuta izango dela ekitaldia. Izena ematea beharrezkoa izango da Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean. Bestalde, momentuan indarrean dauden neurriak beteko dira, eta unean uneko erabakiak hartu.