Aste honetan bertan hasi da Oianguko Natur Eskola ekimena, beste urtebetez, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, eta maiatzaren amaiera arte luzatuko da, 31a arte, hain zuzen ere.

Aurten ere 8 eta 12 urte bitarteko Jakintza eta Urdanetako haurrek Oiangu parkearen eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute. Hain zuzen, egitasmo honekin, Udalak herriko txikienak inguruan duten naturara gerturatu nahi ditu, eta horretarako aukera paregabea eskaintzen du Oiangu parkeak.

Urtez urte jarraipena duen ekimena da. Maitane Alvarez, alkateordea: “Ordiziarrontzat gure leku kuttuna da Oiangu, eta haur garenetik ingurune horretara jotzen dugu, azkenean, asko direlako parkeak eskaintzen dizkigun aukerak”. Bide horretan, “ordiziarrak Oiangu gertutik ezagutzeko aukera izatearen aldeko apustua” egiten jarraituko dutela nabarmendu du Alvarezek.

Naturarekin harreman zuzena

Urtez urte garatu da Oiangu Natur Eskola, eta bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek bi ikastetxeetako 3. zikloko ikasleekin lan egiteko aukera izango dute. Funtzionamendua orain artekoaren berdina izango da: Ordiziako ikastetxeetako haurrak Oiangura igoko dira Aranzadiko begiraleekin eta bertan egun osoa irauten duten jarduerak egingo dituzte, jolas librerako astia ere utziz. Jarduerak, jolas eta tailerretan oinarritzen dituzte, non ikasleak beraiek diren Oianguko bitxikeria eta altxorrak deskubritzearen protagonistak.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak “gustura” agertu dira esperientziarekin lortutako guztiarekin: “urtero egiten dugun balorazioa oso ona izaten da. Proiektuaren helburu nagusietako bat da haurrak naturarekin esperientzia zuzenak izatea, honekiko erlazio afektibo bat sortuz, naturarekiko errespetuzko jarrerak. Ekintza dinamikoak eta elkarlanean egitekoak garatzen dituzte Natur Eskolan. Duen berezitasuna, gainera, Oianguko biodibertsitatera egokituta dauden ekintzak egiten dituztela da, hau da, bertako landare eta fauna ezagutzen dituzte, hala nola, sagastia eta putzua", zehaztu du Yoana Garcia, Aranzadiko kideak.

“Garrantzitsua da txikitatik naturarekiko lotura mantentzea, onura izugarriak dakartza eta. Ez bakarrik gaitasun motorra lantzeko aukera paregabea eskaintzen duelako, elkarren artean harremanak sendotu, eta ikasketa prozesuan garrantzitsuak diren aptitudeak hartzen dituztelako, baita ere gure ingurunea behar bezala zaintzeak duen garrantziaz jabetzen baitira”, gehitu du alkateordeak.

DATUAK

Iazko kasuan, esaterako, eskaintza zabaldu egin zen eta 3. ziklokoez gain, 2. zikloko ikasleak ere batu ziren egitasmora. Guztira, 500 haur inguruk parte hartu zuten. Aurten ere, datuak antzekoak izango dira eta ordiziako gaztetxoek esperientzia honetaz gozatzeko aukera izango dute.