Gaur goizean Ordiziako Oiangu baserrian egin da XXVII. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena, eta ebakiera. Bertan izan dira, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Xabier Arruti, Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria; Arantxa Ariztimuño, Mendiak eta Natura inguruneko zuzendaria; Daniel Solana, Basquetourreko Zuzendari Nagusia; Felix Ajuria, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko Lehendakaria; Jose Mari Ustarroz, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko Lehendakari-ohia; Miriam Molina, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Deituraren Gerentea; Belen Landa, Artzai Gazta Elkarteko gerentea; Mariano Imaz, Latxa Esnea kooperatibako lehendakaria; Juanma Garmendia, FECOGAko lehendakaria; Maria del Mar Churruca, Euskal Gastronomiaren Akademiako Lehendakaria; Ioritz Berra, Goimeneko ordezkaritzan, eta Niko Osinalde, Goiturreko zuzendaria.

Ongietorriaren ostean, alkateak hartu du hitza, eskerrak emanez ordezkariei ekitaldian parte hartzeko gonbita onartzeagatik, eta baita Jose Mari Ustarrozi, Idiazabal Gaztaren alde hainbeste urtez egindako lanagatik, zein erregulartasun sariak jaso dituztenei. Gazta ebakieraz arduratu direnei ere zuzendu dizkie hitzak: “eskerrik asko Jakiteako lagunei, gure sukaldaritzatik beti Idiazabal Gaztarekiko apustua egiteagatik, eta egoera zail eta ilun hauetan ostalaritzan aurrera egiten jarraitzeagatik”.

Bide horretan, azoka izan du hizpide alkateak: “Ordizia ezin da gure azokarik gabe ulertu, garena zor diogu. Eta gure azoka ere, ziurrenik, ezingo genuke ulertu Idiazabal gaztarik gabe. Produktu izarra izan da mendeetan, eta gaur egun, oraindik horrela jarraitzen du. Asteazkenero, gazta erosteko sortzen diren ilarak ikustea besterik ez dago. Behinola gurean sagardoa izan zenaren oroimena ere ia galdua dugun honetan, gaztak eusten dio. Idiazabal gaztak eusten dio asteazkenetako lehia gogorrari, eta izugarri pozten gaitu gaur saria jasoko duen gaztagilea asteazkenero gure plazan izateko ohorea dugulako”.

Idiazabal Gazta “gure DNAren zati bat dela” ere aldarrikatu du: “euskaldunon nortasunaren zati handi bat zor diogu”. “Idiazabal gazta zati bat dastatzen dugun bakoitzeko, bere zapore eta usain bereziak hori guztia bizitzeko aukera ematen digu. Gure herri nortasunaren sustrai sakonetaraino heltzeko aukera. Horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa geureari eustea, geure altxorra den artzainen gazta erostea”, amaitu du.

Agintarien adierazpenen ondoren, Miriam Molinak 2020ko kanpainaren berri eman du, eta erregulartasun sariak eman dizkie ondorengo bi gaztandegiei:

1) Artisau gazta egile Kategorian-Categoría Queso Artesanal : Ander Barandiaran. Gaztañaditxulo Gaztandegia (Idiazabal).

 Ander Barandiaranek Goierriko Idiazabal herrian egiten ditu bere gaztak, larre eta basoz inguratuta, Gaztañaditxulo baserriak duen nortasunaz jantzia. Arbasoen usadioak mantenduz eta berrikuntzarekin uztartuz, ingurugiroarekiko jasangarritasunean esne kalitate gorenena lortzea da gaztandegi txiki honen helburua. Gazta bakoitza  egindako lanaren, esfortzuaren eta bere zaporearen atzean dagoen bizimodu eta pasioaren emaitza delarik, artzaintzarena alegia.

  • Abel Goiburu. Goiburu Gaztandegia (Idiazabal).

Abel Goiburuk, Idiazabalen du gaztandegia. Abelek bere familiatik hartu du artzaintza eta gaztagintzaren testigua. Juanak eta Domingok haien bizitza osoa Idiazabal gazta munduan pasatu ostean, haien jakintza eta kalitatezko errezeta semeari utzi diote. Izendapenetik garrantzia handia ematen diogu kasu hauei; non ezagutzen transmisio familiarra uztartzeaz gain, lan onaren eta arrakastaren aldeko apustua egiten den belaunaldi berrietan.


OMENALDIA

Urtero, omenaldia egiten zaio Idiazabal Gaztaren zabalpenean lan egin duen pertsona edo erakunde bati. Aurtengoan, aitortza hau Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak azken urteotan Idiazabal Jatorri Izendapenaren Lehendakaritzan egon den Jose Mari Uztarrozi itzuli nahi lioke.

Jose Mari Ustarroz

2004an Jose Mari Ustarrozen Idiazabal Jatorri Izendapen Babestuaren Kontseilu Arautzaileko lehendakari izendapena nabarmentzekoa izan zen ordurarte ardura hau ekoizpenarekin zuzenean lotutako pertsonen gain erortzen baitzen. Batzar hartan aho batez onartu zuten urtetan Idiazabal Gaztaren defendatzaile sutsu izango zenaren izendapena. 15 urte emankor izan dira bere lehendakaritzapean pasatakoak, hainbat lorpenekin. Hauen artean ondorengoak nabarmendu genitzake: izena emandako gaztandegi kopuruaren %20ko igoera, kontrolean aurrerapenak, lege moldaketa eta garapen normatiboak, Idiazabal Baserrikoa logotipoaren bidez gaztak bereiztea, “Euskal Herriko Mendiko Gazta” markaren garapenean elkarlana, etab. Jose Marik baldintzarik gabeko konfidantza eta miresmena pizten du doan tokietan, pere izaera eta lan ibilbidearen balioagatik. Horrela egin du bai Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia eta bai Ordiziako Udalarekin urte guzti hauetan izan duen elkarlanean eta horrexegatik gaurkoan gure aitortza eskaini nahi genioke ekitaldi xume honen bitartez.

Gazta ebakiera

Aurtengoan, Jakitea Elkarteak ebaki du Idiazabal Gazta berria. "Jakitea Elkartea 2009. urtean Aratz Erretegian Xabier Zabaleta sukaldaria eta zenbait gastronomikoa kritiko eta zaleren artean ospaturiko bileratik sortutako proiektua da. Jakitea Elkartea betiko sukaldaritza, gure betiko euskal sukaldaritzak sortutako platerak eta bere tradizioa mantentzen duten sukaldariak indartzeko eta sustatzeko helburuekin jaio zen. Aurreko helburuei heltzeko oinarria kalitatezko produktuetan hartzen dute, inguruko ekoizleak, Km 0ko produktuak eta jatorrizko produktuak erabiliz. Euskal Herrian oso ondo jaten da, eta zaila da betiko sukaldaritzak eskeintzen duen prezioan jaten den kalitatearekin beste leku batzuetan aurkitzea.

Jakitea Elkartea osatzen duten lagunak ondorengoak dira, Gipuzkoan zehar banatzen direlarik: Aratz Erretegia (Donostia), Arraunlari Berri Jatetxea (Hondarribia), Beheko Plaza (Zumaia), Bera Bera Restaurante (Donostia), Beheko Plaza Jatetxea(Zumaia), Bodegón Joxe Mari (Orio), Botarri Jatetxea (Tolosa), Casa Julián (Tolosa), Casa Nicolás Restautante(Tolosa), Felix Manso - Ibarla (Irun), Hotel de Londres - La Brasserie Marie Galant(Donostia), Kattalin Erretegia (Beasain), Kostalde Jatetxea (Donostia), Landa Erretegia(Mendaro), Martinez Jatetxea (Ordizia),  Patxikuenea Erretegia(Lezo), Rafa Gorrotxategi (Tolosa), Sansonategi Bodas y Eventos (Hernani), Tripontzi Jatetxea (Hernani), Txola Jatetxea (Donostia), Txuleta Jatetxea (Donostia), Urgain Jatetxea (Deba), Xixario Erretegia (Orio), Ziaboga Jatetxea(Pasai Donibane).

Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte eta azken urteotan Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia bidelagun izan dute  horietako batzutan, hala nola: Euskal Herriko Parrileroen Txapelketa, Gipuzkoako Parrileroen Txapelketa, Euskal Herriko Burruntzilarien Txapelketa, Jakitea Festa, Jatorrizko Produktuen hilabetea, Gipuzkoako jangela

Hortaz gain, hainbat ferietara, kanpora joaten dira euren sukaldariekin eta produktuekin.