Merkealdiak ‘Braderie’ ospatuko da hiru egunetan
Uztailaren 1, 2 eta 3an, merkealdiak eskainiko dituen kale azoka egingo da herrigunean eta 15 saltokik parte hartuko dute. Ordiziako establezimenduetan erosketak egiteko garrantzia nabarmenduko da.
Ordiziako Udalak, Ordizian merkatari elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, “Merkealdia BRADERIE Rebajas” ekintza antolatu du.
Aurten, uztailaren 1ean, 2an eta 3an izango da, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, ostegun eta ostiralean; eta goizez bakarrik, 10:00etatik 13:00etara, larunbatean burutuko den azken jardunaldian.
Braderie azokaren edizio honetan, gizon, emakume eta haur moda, osagarriak, oinetakoak, lentzeria, mertzeria, lurringintza, estetika eta arropa eta kirol produktuak saltzen dituzten 15 saltokik hartuko dute parte. Prezio merkeak dituzten produktu eta zerbitzu onak eskuratzeko aukera interesgarria.
Parte hartuko duten saltokiak honakoak dira: Biñaspre, Geê, Gofi Berri, Imana, Irurena, Kixmi, Lirain, Mirentxu, Ness by Esti García, Oskarbi, Palomo, Porfirio Fernández, Serendipity, Vicuña Confección eta Vicuña Sport.
Parte hartzen duten saltoki horiek erakusleihoen aurrean hainbat euskarri jarriko dituzte beren produktuak aurkezteko, eta horrela produktua kontsumitzailearengana hurbilduko dute. Erraz identifikatu ahalko dira, establezimenduaren aurrean karpa bat izango baitute, eta ikusgai izango dituzte jardueraren kartela eta merkealdiak identifikatzeko kartela.
Braderie urtean behin egiten den kale-azoka mota bat da, kale-merkatua. Herbehereetan, Belgikan, Luxenburgon eta Frantziako iparraldean egon ohi da, batez ere udako hilabeteetan. Honen helburua da merkataritza-dinamizazioko proposamen deigarri batekin kaleko jarduera sustatzea, proposamen honek harrera bikaina izango duelarik bezero askoren artean eta beherapen-kanpaina honetan salmenta bultzatzeko balioko du.
Beheratutako produktu horien salmenta establezimenduen kanpoaldean sustatzen da, erakusleihoen aurrealdean. Horri esker, merkatutako produktu horiek erostea errazten da eta aisiarako proposamen bikaina da parte hartzen duten saltokiak dauden udalerriko kaleetan zehar murgiltzeko, Urdaneta kalea, Kale Nagusia, Goen Kalea, Garagartza Plaza, Andre Maria kalea eta Jose Miguel Barandiaran Plaza.
Gainera, parte hartzen duten saltokietan hiru egun horietan erosketak egiten dituzten pertsonek beren izenarekin eta telefono-zenbakiarekin osatu beharreko txartelak jasoko dituzte, ondoren Santa Maria kalea 21ean dagoen Ordiziako Merkataritza Bulegoko postontzian uzteko eta horrela uztailaren 6an, asteartea, egingo den 100 €-ko hiru erosketa-baleren zozketan parte hartzeko.
Ekintza egingo den egunetarako eguraldi ona aurreikusten denez eta ostalaritzako establezimenduen terrazez ere gozatzeko aukera dagoenez, Ordizian elkarteak eta Ordiziako Udalak Ordiziako kaleetara hurbiltzera animatzen dute aisialdi eta erosketa esperientzia hau bizitzera, urrutira joan gabe.
Ordiziako Udalak eta Ordizian elkarteak herriko saltokiek egin duten ahalegin handia nabarmentzen dute; izan ere, arazoak arazo, egunero herritar zein ingurukoei haien produktu eta zerbitzu onena eskaintzeko daude.