Pandemia existitu ez balitz, gaurkoan Euskal Jaien aurkezpen eta jaialdi horretarako ekintza zabalaren berri ematen egongo ginen. Hori ez da errealitatea guztiok ondo dakigun moduan, eta iazko moduan, aurten ere, Euskal Jaiak ez dira ospatuko Ordizian. Etorriko dira guztiok elkarrekin ospatzeko uneak, baina orain arduraz jokatzea dagokigu. Asteazkeneko ekitaldiaren aurkezpenean egon dira Garbiñe Etxezarreta, Kutxa Ekoguneko zuzendaria, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, eta Jose Ignacio Iturrioz, Kofradiako kidea.

Gauzak horrela, datorren asteazkenean Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Gazta Txapelketa ezagun eta garrantzitsua ospatuko dugu. 48 edizio hau, ateak itxita ospatuko da.

Neurri bereziak hartuko dira ekitaldirako, iazko berdinak. Hain zuzen ere, Beti Alai pilotalekuan egingo da txapelketa, eremu itxian, segurtasun neurriak betetzeko, eta gonbidapena beharko da ekitaldira joateko.

“Artzainentzat eta Idiazabal Gaztarentzat urte zailak izan dira, bai iazkoa eta aurtengoa ere bai. Badakigu txapelketa honek duen oiartzuna oso lagungarria dela beraientzako, eta Ordiziako Udalak lehen sektoreari babesteko apustu sendoa du. Ez dugu bidea bakarrik egin, urteroko moduan, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntza izan dugu, nola ez, Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren babesa, eta urte zail hauetan, betiko laguntza eskaini digun Kutxa Fundazioaren laguntza. Eskerrak bihotzez guztiei”, zehaztu du prentsaurrekoan Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Gonbidapena duten artzain eta agintariak, epaimahakideak, antolatzaileak, akreditatutako kazetariek eta enkantean parte hartuko dutenek baino ezingo dute sartu.

“COVID-19ak eragindako segurtasun neurri bereziek antolaketa eta distantziak zorrozki bermatzera behartzen gaitu”, gehitu du Ezenarrok. Zentzu horretan, gazta epaimahaikideen artean banatzerakoan ere, neurri bereziak hartu dira, gazta ez ukitzeko, desinfekziorako gel bereziak erabiliko dira eta higiene neurriak indartu dira. Aurtengoan, baina, epaimahaikideen artean ez dugu Pedro Subijana izango epaimahaikide, aste honetan peronea hausi duelako. Badakigu Ordizian egoteko gogoz zela, baina orain ondo osatu, eta datorren urtean gurekin egotea espero dugu. Haren ordez egongo da Ander Gonzalez sukaldaria, hau ere aski ezaguna.

Bestalde, aurten ere egingo da enkantea. Urtez urte, enkatean ordaindutako dirua San José egoitzara bideratu izan da. Honen eskumena orain Foru Aldundiak du, baina herriko adinekoen bizi kalitatea hobetze aldera, Lagunkiro elkarte ordiziarrera bideratuko da aurten dirua. Hauek, azken finean, enkantean ateratako diru horrekin, bakarrik daudenei etxean edo etxetik irteteko laguntza eskainiko zaie eta egoitzan bertan aisialdiaz gozatzeko ekintzak burutuko dituzte.

Lehiaketa, zuzenean

Lehiaketaren finala streaming bidez emango da eta Ordiziako Udalaren Youtube plataformako kanaletik jarraitu ahal izango da, 14 gazta finalisten norgehiagoka, sari banaketa, eta noski, gazta irabazlearen erdiaren enkantea online jarraitu ahal izango duzue, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Gainera, frontoiaren kanpokaldean, azken hamar urteetan txapelketa irabazi duten artzainek postuak jartzeko aukera eskaini zaie aurten ere, eta oraingoz behintzat, hiru postu izango dira bertan izango ditugunak.

Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak Urrezko Kutxa garaikurra irabazteko aukera izango du. 2009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak eta orain dela zazpi urte (2013) Ricardo Remiro Eulateko artzaiak bigarrenez. Aurtengoan Jon Etxebarria Zeanuritarra eta Julen Arburua Lekaroztarrak dute irabazteko aukera, lehenak 2012 eta 2015ean irabazi baitzuen eta bigarrenak 2018 eta 2019an.

1.go saria: txapela, diploma Kutxa garaikurra, 1.750€ eta 12.000 pegatina gaztetan jartzeko Ordiziako irabazlea izan dela. (Urrezko Kutxa saria azken hamar urteetan hirugarren aldiz irabaziko balu)

2. saria: Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 850€

3. saria: Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 500€

4 saria: diploma eta 250€

5. saria: diploma eta 220€

AURREIKUISTAKO ORDUTEGIA:

8:30-9:00 gaztak frontoira eramango dira.

9:00-10:00 egiaztapen prozesua, kaseina, ziurtagiriak… (Kalitate Batzordea)

Notario aurreko zozketa gaztak izendatzeko

10:00ak harrera

Gaztak kokatu, gaztak izendatu, gaztak banatu…

10:30 Hasiera ofiziala. Dastatzearen hasiera, teknikariak mahaietan

12:00etan streamingaren hasiera, 14 finalistak

13:00ak aldera emaitzak

13:30 sari banaketa eta enkantea.