Urrezko Gazta, Kortariarentzat
Gaur, asteazkena, giro ederrean ospatu dugu, XXXIV. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa asteazkeneroko azokaren altzoan. Lehiaketa Ordiziako Plaza Nagusian ospatu da, lehenengo aldiz. Eta aurtengoan, horrelaxe gelditu da zerrenda:
1) Julen Arburua (Kortaria, Lekaroz) - 9,07 puntu
2) Joseba Insausti (Otatza, Ordizia) - 8,79 puntu
3) Julen Arburua (Kortaria, Lekaroz) - 8,76 puntu
4) Jon Etxebarria (Ipiñaburu, Zenauri) - 8,32 puntu
5) Eneko Goiburu (Ondarre, Segura) - 8,18 puntu
6) Patxi Lopez de Uralde (Larrea) - 7,25 puntu
7) Ricardo Remiro (Eulate) - 7,20 puntu
8) Jon Etxebarria (Ipiñaburu, Zeanuri) - 7,15 puntu
9) Karmele Murua (Ondarre, Segura) - 7,11 puntu
10) Jose Luis Odriozola (Agerre Buru, Aia) - 7,11 puntu
Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2012tik 2021era) irabazleak lehiatu dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatu dute aurten ere, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Honako gaztagileak lehiatu dira: 2012 eta 2015ean irabazle izan zen Jon Etxebarria (Ipiñaburu-Zeanuri), 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Remiro-Eulate), 2014ko irabazlea Karmele Murua (Ondarre-Segura), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Otatza-Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Agerreburu-Aia) ,2018 eta 2019ko irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria-Lekaroz) 2020ko irabazlea, Patxi Lopez de Uralde (Larreako gazta-Larrea), eta berriki txapeldun atera den Eneko Goiburu (Ondarre-Segura).
Hiru gazta hoberenak honako sariak eskuratu dituzte: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Jakina da txapelketa honetan hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzen direla, eta lehenengoaren kasuan, 8,5eko puntuazioa baino altuagoa lortuz gero, Urrezko Gazta. Eta aurten halaxe izan da, Julen Arburuak Urrezko gazta eskuratu baitu.
Ohikoa baino murritzagoa baino luxuzko epaimahaia izan da oraingo honetan ere, Jose Juan Castillo lehendakari dutela ondorengo lagunek osatu dutena: Felix Manso Ibarla (Manso jatetxea, Irun), Imanol Zubelzu (Basque Culinary Center), Victoria Urresti eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (Noticias de Gipuzkoa) kazetariak.