Azokako emakumeak omendu ditu Udalak
Ordiziako azoka aski ezaguna da, eta Ordiziako historia ezin da ulertu azoka aipatu gabe. Ordiziako azoka XI-XII mendeetan San Bartolome ermitaren inguruan ospatzen hasi zenetik makina bat istorio eta gertaera bizi izan ditu. Ziurrenik garrantzitsuenetarikoa 1512an herri guztia suntsitu zuen sutearen ondorioz Gaztelako Juana La Loca erreginak herriari “urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea, zergarik gabea, egiteko errege baimena” eman izana. Hau dugu, hain zuzen ere, gaur egun oraindik, alde zaharraren bihotzean, Plaza Nagusian eta inguruetan, ospatzen den asteazkeneroko azokaren erreferentzia historiko nagusia.
Horrela arautu zenetik, gora beherak gora behera, mendeetan aurrera egin zuen, XVIII mendean erabat asentatu arte. Trenaren etorrerak, 1860ko hamarkadan, bultzada handia eman zion azokari eta herriari. 1925 urtean berriz, hainbat behar eta eskakizunei erantzunez, egun ikus dezakegun estalkia eraiki zitzaion Plaza Nagusiari.
Honela, bere historia eta tradizioan oinarrituta Ordiziako azoka erreferente bihurtu da nekazal munduko produktuentzat. Besteak beste, baserriko fruta eta barazkientzat, Idiazabal gaztarentzat edota arkumearentzat.
Euskal baserrietan emakumeen presentzia oso garrantzitsua izan da, eta azokan ere bai. Horregatik, urriaren 15ean emakume baserritarren egunaren harira, Ordiziako Udalak, lehenengo aldiz, asteazkenero-asteazkenero azokara joaten diren emakumeak omendu nahi izan ditu. "Bihotz bihotzetik eskertzen dugu Ordiziako azokara etortzen diren emakumeek egindako lana. Horiek gabe, ez genuke Ordiziako azokarik izango. Gure ondarea dira, oraina eta etorkizuna ere bai", nabarmendu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Hala, honakoei omendu zaie: Esther Illarramendi, Arantxa Zurutuza, Miren Jauregi, Naroa Irigoien, Judith Garcia, Silvia Moreno, Anttoni Murgiondo, Juanita Murgiondo, Maria Jesus Oria, Arantxa Lopetegi, Raquel Artola, Arantxa Iparragirre, Edurne Jauregi, Lourdes Zurutuza, Maite Iturbe, Axun Etxeberria, Miren Agirrezabala, Itziar Etxeberria, Dolores Mendizabal, Miren Pagola eta Lurdes Baroja.
Oroigarri bana jaso dute eta haien lan guztiari aitortza egin zaie.