Hondakinen murrizketa astearekin bat
Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin azaroaren 20tik 28ra ospatuko den Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egingo du.
“Hastear dugu Hondakinen prebentzio astea. Guretzat, zalantzarik gabe, gai estrategikoa da, izan ere, Ordizia 2030 Ekintza Planean jasota ditugu ekintza zehatzak”, zehaztu du Maitane Alvarez, alkateordeak. Horretarako, hainbat ekintza burutuko ditu Ordiziako Udalak ondorengo egunetan, batez ere, “plastikoaren inguruan kontzientziak piztu nahi ditugu”, gehitu du Alvarezek.
Hondakinen inguruan Udalak hainbat ekimen martxan jarri ditu eta hau herritarrei azaltzeko bideo bat prestatu du. Bideoan plastikoaren erabilpena ekidin edo murriztu egin behar dela argi azalduko da.
Eta nola ez, plastikozko poltsak murrizteko helburua argia da. Ekintza planean 14.9 puntuan jasota dago, hain zuzen ere. Bide horretan, paperezko poltsak sortu dira eta azokan erosketak egitekoak ere badaude, handiagoak. “Gure erosketa ohituretan eragin behar dugu, erabilera bakarreko plastikoa murriztuz”.
Hondakinik ez lurrean
Ordizian edukiontzi puntu batzuen egoera kezkagarria dela nabarmendu da, etxetik ateratako poltsak lurrean botata uzten direlako eta honek arazo asko sortzen ditu. Horregatik, Ordiziako Udalak Sasieta Mankomunitatearekin batera, elkarlanean duen kanpainari jarraipena emango dio, non lurrean botatzen diren zaborrak ekiditea den helburu.
“Kaleko puntu askotan zakarrontziak ditugu, 4 frakzio ezberdin jasotzen dutenak, eta hala ere kaleetan zikintasun ugari topatzen dugu, zaborra zuzenean lurrera botatzen delako. Ordiziako Udalak edukiontzien inguruko eta kaleetako zikintasuna ekiditeko helburu argia du, Ekintza Planean jasotzen den moduan”, zehaztu du Alvarezek. Izan ere, adtuak hor daude: poltsak biltzen dituen taldeak 1 tona zabor biltzen ditu gauero Ordizian. “Puntu gatazkatsuenen jarraipena egiten ari da eta ordenantzako arau-hausteak egiten dituztenei isunak jartzen zaizkie”, gogorarazi du alkateordeak.
Horrez gain, erreka garbiketak ere egin dira. “Aurten lehenengo aldiz Mariarats errekako garbiketak gehitu zaizkie Oria eta Amundarain ibai eta errekari”. Gainera, bilketan atera diren datuak ere deigarriak dira: errefusa izan da gehien jaso dena, hau da, ezin dena birziklatu. “Oso garrantzitsua da behar bezala egitea sailkapena”.
Horrez gain, Ordiziako Udalak Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean, ibai ertzeko baranda azpietan burdin-sarea ipini du. “Egitasmo honekin Ekintza Planeko 21.10 puntua betetzen dugu”, nabarmendu du Alvarezek.
Datorren ostegunean, berriz, aurkeztuko da Ordiziako Udalak Ekomodo enpresarekin batera martxan jarri duen Ekogela proiektua, ikastetxeekin elkarlanean.