Miren Etxezarretak bere funtsaren zati bat dohaintzan eman dio Ordiziako Udalari
Miren Etxezarreta Zubizarreta ordiziar ekonomilariak bere funtsaren zati bat dohaintzan eman dio Ordiziako Udalari, hamar urterako.
Gaur egun Bartzelonan bizi bada ere, bere ibilbidean zehar Europako unibertsitate ugarirekin aritu da elkarlanean eta ibilbide oparoa egin du garapen ekonomikoaren, nekazal ekonomiaren eta politika ekonomikoaren inguruko ikerketan. “Urte luzetako ikerketa lan oparoaren ostean, lan hori herritar guztien eskura jarri eta gai horietan ikerketa berriak bultzatu nahi dituen proiektua da honakoa”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. “Mirenek urratutako bide zidorrak eskuragarri jarri eta bide berriak irekitzeko aukerak ireki nahi ditugu. Hain justu, proiektu honen jatorria, Mirenekin berarekin izandako elkarrizketa batean dago. Izan ere, berak adierazi zuen, orain bere estudioan duen material akademiko eta dokumentala nolabait antolatu eta herritar guztientzat eskuragarri jarri nahi zuela. Datozenek ere, berak landutako bidean ikerketa berriak garatzeko erreztasunak izan ditzaten”.
Beraz, gaur egun Miren Etxezarretak hamarkadetan zehar osatutako dokumentazio, blibliografia eta material akademikoa Katalunian dago etxe pribatu batean inongo klasifikazio eta antolaketarik gabe. Mirenek adierazitako borondateari jaramon eginez, proiektu honen berri jaso zuen Ordiziako Udalak. “Beraz Katalunian dagoen artxibo hori Ordiziara ekarri antolatu, digitalizatu eta hedatzea da proiektu honen xedea. Gauzak horrela, artxiboa kokatuko den udal espazioa eskuragarri dago dagoeneko”, gehitu du. Orain ordea, espazio horretan kokatuko den artxiboa eta dokumentazioa antolatu, klasifikatu eta atari digital bat sortzea tokatzen da. Izan ere, Ordizian kokatuko den Miren Etxezarreta espazioa, alde batetik bere ibilbide akademikoan zehar metatutako dokumentazio eta bibliografiaren kontsultarako espazioa izatea nahi badugu ere, gai horietan sakontzen jarraitzeko eta ikerketa horiek sozializatzeko espazioa ere izango da. Orain eremu pribatuan dagoen dokumentazioa publiko eginez eta bide batez ezagutza eremu horietan ikerketa berriak bultzatuz.
Beraz, proiektu honen helburua da Miren Etxezarretaren artxiboa sortzea. Alegia, dokumentazio hori modu sistematikoan eta normalizatuan antolatzea, artxibistikaren oinarrizko irizpideak segituz. Sistema horrek bi zati izango ditu: bata, dokumentazioren antolatzea eta zaintza; bigarrena, material horien hedapena. Bietan, euskara izango da hizkuntza lehenetsia, bai antolaketaren hizkuntza eta tresnen normalizazioan, bai eta hedapenerako sortzen diren lanabes, baliabide eta edukietan ere.