Kaxola proiektuak irabazi du Goiekiko Enpresa Berrien lehiaketa
2022an urte bat gehiago batu dio Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak bere historikoari eta oraingo honetan zenbaki borobila bete du, 25 urte. XXV. Urteurrena ospatzeko eta aurtengo Lehiaketaren sari banaketa gauzatzeko, ekitaldi berezia antolatu du gaur, azaroak 10, Goierriko Garapen Agentziak, Goierriko Berrikuntza Guneko NBF Eraikinean. Udalak, Lehiaketako sortzaileak, Enpresa Babesleak eta beste hainbat eragile gerturatu dira.
Lehiaketaren 25 urteko ibilbidea ospatu den ekitaldi honetan, hainbat sorpresa egon dira bidean egon diren momentu desberdinei keinu bat egiteko asmoz. Ekitaldiari Ordiziako Alkate den Adur Ezenarrok eta Goiekiko Gerenteak, Iker Galparsorok, eman diote hasiera. Segidan, Lehiaketaren jatorri eta eboluzioa kontatzen duen bideo erreportaje bat igorri da, Goiekiko Youtube kanalean eskuragarri dagoena. Bideoak, 25 urtetako ibilbidean parte hartu duten pertsonei egindako elkarrizketak jasotzen ditu besteak beste. Nola ez, Lehiaketaren sortzaile izan ziren Juan Manuel Barandiaran, Goiekiko Gerente Ohia, Niko Errasti, Goiekiko Industria Arloko Arduradun Ohia eta Manuel Luna, asmatzailea, ekitaldira bertaratu dira. Bideoaren emisioa amaitzean, omenaldi txiki bat egin zaie.
Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren saria KAXOLA proiektuarentzat izan da. Enpresa berri honen ordezkaria IKER MARKINEZ da. KAXOLAren helburua, herritarrei kalitatezko eta gertuko lehengaiez osaturiko produktu goxoak eskaintzea da. Gainera, lehen sektoreari eta hauen produktuei behar duen bultzada ematea, baserritar eta ekoizle berriei lehengaiak eraldatzeko aukera ematea edota gizartearentzat kalitatezko eta inguruko lehen sektoreko lehengaiak eskuragarriagoak egitea ere izango du helburutzat.
Aldiz, bigarren kategoriako saria, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena, SUMINISTROS INDUSTRIALES GAME, S.A. enpresarentzat izan da. GAMESAk eraldaketa handia burutu du enpresan azken urte hauetan eta eraldaketa berrizaile honengatik saritua izan da. Eraldaketa honek berrikuntza kudeaketan, berrikuntza marketinean, berrikuntza prozesuetan eta berrikuntza zerbitzuetan txertatzea izan du helburu. Prozesua aurrera eramateko pertsonak erdigunean jartzen duen metodologia erabili dute.