XXIII. Odolki lehiaketa azaroaren 30ean
Gipuzkoako odolki egile eta harakinek hitzordua dute, azaroaren 30ean, goizeko 10:00etan hasita, Plaza Nagusian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera Gipuzkoako XXIII. Odolki lehiaketa antolatu baitute. Irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren, bosgarren eta sailkatuei diploma.
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iñaki Telleria (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Javi Penas (JAKITEA), Amaia Garmendia (Hika Txakolindegia/ Jatetxea, Billabona) eta Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) sukaldariak, Juanma Garmendia (FECOGA); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza / Diario Vasco) eta Aitor Buendia (“La Ruta Slow” Radio Euskadi) kazetariak eta Ane Galardi (Basque Culinary Center).
Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.
Lehiaketa martxan dagoen bitartean, Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleak odolki pintxoak salduko dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako Ordiziako Elkarte batetara bideratuko dira.
Gipuzkoako XXIII. Odolki lehiaketa
- OINARRIAK -
- Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, Gipuzkoan harategi, txerri-egile eta odolki egileak, dagokien epigrafe fiskalean alta emanda daudenak eta dagokion osasun baimena eta bere kasuan osasun-erregistroa dutela egiaztatzen dutenak.
- Gipuzkoako odolki bezala ulertzen da ondorengo osagaiak soilik dituena: tipula, porrua, odola, txerriaren gantza eta espeziak bere kasuan, guzti hori heste naturalean beteta.
- Izen-ematea azaroaren 11an ireki zen eta azaroaren 25ean amaituko da; horretarako ondorengo telefonora deitu beharko dute: 943 425557 (Gipuzkoako Harakin eta txerri-egile elkarteko egoitzara), non izena eta helbidea hartuko zaien.
- Lehiakide bakoitzak 7 ODOLKI emango dizkio antolakuntzari, hauek mezulari batek jasoko dituelarik. Odolki gehigarriak Ordiziako ikastetxeetako ikasleen urte amaierako bidaiaren ordainketarako erabiliko da, berauek Lehiaketaren antolaketan egiten duten lana eskertuz.
- Epaimahaiak dagozkion dastaketa irizpideak erabiliko ditu bere epaia emateko.
- Epaimahaia Gastronomia eta ostalaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute.
- Irabazlea, epaimahaiaren esanetan puntuazio altuena lortu duena izango da eta lehen postua ez da hutsik geldituko.
- Antolakuntzak ondorengo sariak emango ditu:
- Garaikurra, Txapela eta diploma lehen sailkatuarentzat.
- Garaikurra eta diploma bigarren eta hirugarren sailkatuarentzat.
- Diploma laugarren, bostgarren eta seigarren sailkatuentzat.
- Lehiaketaren data azaroaren 30ean izango da (asteazkena), Ordiziako Plaza Nagusian goizeko 10.00tan.
- Lehiaketako emaitzari buruzko edozein alegazio edo erreklamazio idatziz egin beharko da, bertan erreklamazioa egiten duenaren izena eta arrazoiak azalduz. Baldintza hauek betetzen ez dituzten erreklamazioak ez dira onartuko.