Datorren asteazkenean, abenduaren 28an, Eguberritako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izango delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.

Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko, eta ez da gabon kantarik faltako.

Goizeko lehen ordutik aurrera, Garagartza plazan txerri eta txerrikume,  ahuntz eta antxume, ardi eta arkume, asto eta poniak egongo dira ikusgai. Nahiz eta sagar urte txarra izan den, errege-sagar eta fruitu lehor erakusketa txiki bat ere izango da. Plaza Nagusian asteroko azokak ez du hutsik egingo.

Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte. Artisaugintzak ere presentzia garrantzitsua izango du herrian zehar banatuko diren hainbat postutan.

IDIAZABAL GAZTA EKOIZLEEN AITORTZA EKITALDIA

Aparteko azoka honen babesean eta urtero legez, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, ohore handiz, 2022 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteazkenean, Plaza Nagusian 11.00tan ospatuko den ekitaldian.

Idiazabal Gazta zaleek eguna borobiltzeko aukera izango dute D´elikatuz Zentroan arratsaldeko 19.00tan Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eskainiko duen Idiazabal Gazta eta Cava maridajean (aurrez izena eman behar da).