National Geographic Viajes irakurleen saria lortu du GR 283, Idiazabal Gaztaren Ibilbideak
Idiazabal Gaztaren Ibilbideak Espainiako IBILBIDE GASTRONOMIKO ONENARI sari jaso du Viajes National Geographic Irakurleen Sarien I. ekitaldian. Asturiasko Comarca de la Sidra, Andaluziako Vía Verde del Aceite, Gaztela Leongo Ribera de Duero eta Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidearekin batera izendatua zegoen Ibilbide gastronomiko kategorian.
“Orain dela hilabete gutxi elkartu ginen hemen, Oiangun, Idiazabal Gaztaren ibilbidearen berri emateko. Badakigu gure ingurunea altxor bat dela eta guztiok gozatzeko aukera eskaintzen du, historiaz, gastronomiaz, kulturaz, artzaintzaz eta naturaz gozatuz. Errekonozimendu handi bat da, aurretik egindako lan handiari”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. “Edozein puntutatik egin baitaiteke ere, Ordizian hasi eta amaitzea gomendatzen da. Oianguk ere garrantzia handia izan du Next Generation diru-laguntzak jasotzeko, bertan kokatzen delako egingo den aterpetxe berria eta kokatuko den funtzio anitzeko eremuak, GR-283 ibilbide hori osatuz”.
Bere historian lehen aldiz, Viajes National Geographic-ek munduko jomuga onenen saria antolatu du eta planetako erdal hiztun bidaiarien komunitateak izan du botua emateko aukera, hamar kategoria desberdinetan. Finalistek, berrikuntza, arlo guztietan jasangarritasuna eta turismo ez inbaditzaile baten aldeko apostua elkarbanatzen dituzte, argitalpen honek sustatzen dituen balioen ildotik.
- Idiazabal Gaztaren Ibilbideak (GR-283) 96 kilometro ditu guztira eta 6 etapatan zatitua dago. 9.777 metroko desnibel metatua du eta Ibilbide osoa 34 ordutan egiteko pentsatua dago, gutxi gorabehera. Gipuzkoa barnealdeko punturik interesgarrienetariko dezente ukitzen ditu eta aukera aparta da denetatik pixka bat ezagutu eta etxera esperientzia aberasgarri bat eramateko. Gogoratu behar da 3 bailara gurutzatzen dituela Ibilbideak; Goierri, Urola Garaia eta Deba Goiena. Horrez gain, Gipuzkoa hegoaldeko mugak (mendebaldera eta ekialdera) ezagutzeko aukera aparta eskaintzen digu bi Parke Natural gurutzatuz, Aizkorri-Aratz eta Aralar. Gaztaren Ibilbideak gaztaren inguruan gehiago jakiteko aukera ematen digu.
- Ez da ahaztu behar gainera inguruko ardiek bazkatzeko lursail komunalak direla Aizkorri eta Aralarreko parke naturalak.
- Idiazabalek ematen dio gaztaren jatorri izendapenari izena eta bertan kokatzen da Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa.
- Gaztaren inguruko festa nabarmenetako batzuk Ibilbideko puntuetan ospatzen dira. Ordizian ospatzen diren azoka bereziak; apirilean Artzain Eguna, irailean Euskal Jaiak eta Ordiziako Idiazabal Gazta Txapelketa famatua, eta Gabonetako Azoka Berezia, Idiazabalen maiatzeko lehen asteburuan ospatu ohi den Gaztaren Azoka eta Urrian ospatzen den Euskal Herriko Gazta Txapelketa eta azkenik Legazpian ospatzen den Iraileko Artzain Eguna.
- Gaztarekin lotura hain handia duen Ordiziako asteazkeneroko azoka ere aipatzekoa da, 2012an 500 urte bete dituena.
- Arantzazun Artzain Eskola kokatzen da, bertan dagoelarik ibilbidean zehar bisitatu daitezken gaztandegietako bat.
“Baina Gaztaren Ibilbidea ez da natur eta turismo esperientzia bat bakarrik, baita esperientzia gastronomiko bat ere. Ibiltariak alojamendu mota desberdinez (hotel, nekazalturismo, aterpetxe…) gozatu ahal izango du, denak ere oso gertuko tratua emango diotenak. Hori ere bada gure bereizgarria”, gehitu du Ezenarro alkateak.
Ordizia, Idiazabal Gaztaren Ibilbidearen abiapuntu
Ibilbidearen informazio eta kudeaketarako puntu nagusia Ordiziako D´elikatuz Zentroan kokatzen da. Puntu honetan egiten zaie ibiltariei harrera, ibilbidea hasteko beharrezko materialak eta informazioa ematen zaizkie, eta nahi duenarentzat ibilbidetik kanpo dauden gainerako ekipamenduen inguruko informazioa ere. Ondorioz, gure proposamena Ibilbidea Ordiziatik hastea da, nahiz eta ibilbideko beste puntuetatik hastea ere badagoen. Erreserba eskera www.idiazabalgaztarenibilbidea.com web orriko formulariotik bideratzen da eta jasotako eskaeraren arabera bezero bakoitzari proposamen pertsonalizatua bidaltzen zaio.
Balantzea: turisten datuak eta jatorria
2014an aurkeztu zenetik, GR283 edo Idiazabal Gaztaren ibilbidearen mila pakete turistikotik gora saldu dira, goranzko joerarekin (pandemia egoeran izan ezik), baino askoz ere gehiago dira ibilbideaz modu independentean edo erreserbak euren kasa kudeatuz gozatu dutenak. Ibiltarien jatorriari dagokionez, Erkidego barneko turistez gain, Madrid, Katalunia, Aragoi, Valentzia, Andaluzia, Balear edo Kanariar Irlak bezelako erkidegoak edo Holanda, Alemania, Austria, Erresuma Batua, Suedia, Finlandia, Noruega, Canada edo Estatu Batuak azpimarratu ditzakegu.