Ibaiak garbi mantentzeko ardura, guztiona
Ordiziako Udalak orain dela sei urte hasitako lanarekin aurrera jarraituko du eta aurten ere, Ordiziako zatiko Oria ibaia eta Mariarats errekaren garbiketa eginez. Urtero, Amundarain errekaren garbiketa ere egin da, baina aurten Aldundiak egingo ditu lan horiek gune horretan.
Berrikuntza moduan, aurten Oria ibaian dauden landare inbaditzaileen inguruko azterketa egingo du Ordiziako Udalak, Txukun enpresarekin elkarlanean. Orain, lehen fasean, garbiketa lanak egingo dituzte eta bertan ikusiko dute zein gunetan egin behar den eskuhartzea eta landare inbaditzaile hauek kendu. Udalarekin kontsulta egin ostean, elkarrekin erabakiko dute nongo landare inbaditzaileak kendu beharko diren. “Gure ibai eta errekak modu osasuntsuan mantentzeko beharrezko ikusten dugu aktuazio hauek egitea”, gehitu du Alvarezek.
Zaborrak, goraka
2021ean, 2 astetan zehar, Oria ibaian eta Amundarain eta Mariaratseko erreketan 3.000 kilo zabor jaso zen. 2018an 8.000 kilo atera zen, 2019an 5.500 kilo eta 2020an 4.500 kilo bildu zen. Iaz, baina, datuek gora egin eta 3.600 kilo zabor jaso dira. Ondoren, zaborra hau garbigunera eman eta dagokion edukiontzietan sailkatzen da.
“Datuek argi erakutsi dute urtez urte erreka garbiketak antolatzen jarraitu behar dugula. Iaz gorakada nabarmena izan zen, eta 600 kilo zabor gehiago atera ziren garbiketetan. Aurten ere lanak abiatu ditugu, eta hemendik pare bat astera jakingo ditugu datu zehatzak”, azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.
Elkarlana giltzarri
“Gure ingurunea zaintzea beharrezkoa da gizartearen etorkizuna bermatzeko. Gainera, 2030 Ekintza Planean jaso genuen moduan, gure konpromezua irmoa da natura zein ingurumenarekin. Garbiketa hauekin 14. Garapen Jasangarriko Helburua lortzeko bidean gaude, eta lan lerro honetan indarra jarriko dugu, gure ondare garrantzitsuena delako. Puntu horretan, ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea jasotzen da, garapen iraunkorrerako”, zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.
Hala, herri desberdinen arteko elkarlanerako deia egin du Maitane Alvarezek: “azken urtean gorakada nabarmena izan genuen zabor bilketan, eta aurten ere, dagoeneko zabor ugari jasotzen ari direla ikusten ari gara. Honen aurrean, beste Udalekin elkarlana egiteko deia egiten dugu, guztiok garbitu ditzagun erreka eta ibaiak, udalerri bakoitzak dagokion zatian”, agertu du.
Gainera, nabarmendu du gaur egun ibai eta errekak begiratzean “garbiketa urtero” egin behar dela argi ikusten dela, “ibaien ubideak berriro ere zikinak daudelako; gehienbat plastikoa dago, baina hondakinak ere argi ikusten dira”, gehitu du. Hala ere, Alvarezek honakoa gogoratu du: “hondakinak behar bezala kudeatu behar ditugu, halako egoeretara ez iristeko. Txikitik hasita, handian eraginez. Guztion ardura da, eta bakoitzak asko egin dezake gure ingurunea eta natura behar bezala zainduta edukitzeko”.
Garbiketa hau egiteko Txukun Lorazaintza S.L. enpresa kontratatu da. Garbiketarekin aste honetan hasi dira eta bi astez luzatuko da. Ibai ertzean kateaturik dauden zaborrak bildu, bertatik atera eta kamioian zabortegira eraman, gero bertan sailkatu eta pisatzen dira.
GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUEI KONTRIBUZIOA
Urtero ibai garbiketak egitea Ordiziako Agenda 2030eko ekintza planeko 21.9 ekintza da eta gainera, proiektuaren helburua bat dator bete-betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin (1. Xedea), Garapen Jasangarriaren Euskal ingurumen-Estrategiarekin (3. Helmuga) eta Ingurumen Esparru Programarekin (1.2. eta 3.2. jarduketa lerroak).