Euskal Herriko txistorra lehiaketa, asteazkenean
Ordiziako Udalak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkartearekin lankidetzan, Euskal Herriko XXV. Txistorra-Lehiaketa antolatu du Ordizian datorren asteazkenean, abenduak 20. Plaza Nagusian, Udaletxeko arkupetan izango da, 10.00etatik aurrera. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. 50 partehartzaile inguru, gehienak Gipuzkoatik, Nafar batzuk , Arabar eta Bizkaitarrak ere bai tartean.
Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.
Atal horietan lortutako puntuekin jakingo dugu zein izango den Euskal Herriko hogeitabostgarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jasoko dute eta Epaimahaiak, gainera, beste hiru diploma emango ditu.
Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Iñaki Telleria (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Javi Rivero (Ama Jatetxea, Tolosa), Javier Díaz Zalduendo (Alhambra jatetxea, Iruña), Amaya Garmendia (Hika Upeltegia, Billabona) sukaldariak; Nagore Rodriguez (Jakitea Elkarteko koordinatzailea), Nuria Perez (Goierri Irrati Telebista), Aitor Buendia (La Ruta Slow, Radio Euskadi) eta Jone karres (Turismo gastronomikoan aditua); Aitzol Zugasti (Aholkulari Gastronomikoa), Rodolfo Villate (Egibide-Mendizorrotza Ostalaritza eskola), Paloma Enríquez (CEBANC ostalaritza eskolako zuzendaria) eta Mari Jose Nicolay (Nafarroako Betegarriaren Kofradiako Maisu handia).
Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.
Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.
Aurreko 15 edizioetako irabazleak:
2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)
2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)
2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)
2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)
2011 - Balentin Odriozola (Azpeitia)
2012 - Balentin Odriozola (Azpeitia)
2013 -Embutidos Etxekoak (Oiartzun)
2014 – Erauskin Harategia (Ataun)
2015 – Precocinados Guesalaga (Zarautz)
2016- Txarri Txiki Harategia (Aia)
2017- Larragueta harategia (Burlata)
2018- J. Odriozola Harategia (Oñati)
2019- Lasa Harategia (Ordizia)
2020- COVID-agatik bertan behera.
2021-Miren Karmele Pagola Balda (Tolosa)
2022- Haritz Arteaga (Añorga)
Txapelketak irauten duen bitartean, Jakintza Ikastolako ikasleak txistorra pintxoak zerbitzatuko dituzte.