"ORDIZIAN, ATE IREKIAK 2013" EKIMENA
Turismo eta merkataritza sailen elkarlanari jarraipena emateko ekimena
D´elikatuz zentroari dagokio turismo arloaren dinamizazioa eta merkataritzari dagokionez Udal teknikariak Ordizian merkatari elkartearekin elkarlan estuan ateratzen ditu aurrera Ordiziako merkataritzaren dinamizazio ekimenak. Turismoa eta merkataritza guztiz osagarriak direla ikusten da eta azken urtetan elkarlanean jardun dute; urte haseratik merkataritza teknikaria eta Ordizian elkartearen bulegoa D´elikatuzen kokatzea are eta bultzada handiagoa eman dio elkarlan honi.
Ordizian Ate irekiak 2011
Justu orain dela 2 urte antolatu zuten lehen "Ordizian, ate irekiak" ekimena. Kasu hartan Ordiziako Merkatari eta ostalariei bertako Historia, Kultura Ondarea eta baliabide turistikoen berri ematea zuen helburu, merkatari eta ostalariak Ordiziako anfitrioi eta informatzaile hoberen bihurtu zitezen. Modu honetan bezero-bisitariari ematen zitzaion ohiko kalitatezko arretari balio erantsi bat gehitu nahi zitzaion.
Oraingoan, berriro ere 2011ko ekimena errepikatzeaz gain, Ordizian Txartela duten bezeroei eta urte guztian zehar Ordiziara etortzen diren bisitariei zuzendutako zenbait ekintza aurkeztu dituzte. Ordiziak milaka bisitari jasotzen ditu urtean zehar, D´elikatuz zentrotik, hain zuzen, 2012an 9500 pertsona pasa ziren, batzuk autobusetan taldeka Ordiziara etorriak beste batzuk banaka edo familian. Azken bi urtetan, adibidez, ugari izan dira Imsersoko taldeekin lan egiten duen Mundosenior agentziaren bitartez, Ordizian geldialdia egin duten taldeak. Guzti hauei, harrerarik onena egiteaz gain, Ordiziako denda eta tabernetan kontsumitu dezaten erraztasunak ematea adostu dute, bertako ekonomiaren dinamizaziorako aukera paregabea dela iruditzen baitzaie, bertako kontsumitzaileak ahaztu gabe noski hauek baitira bertako merkataritza eta ostalaritzaren biziraupena ziurtatzen dutenak.
"Ordizian, ate irekiak 2013" izenarekin ezagutzera emango den ekimen honetan, merkatariei zuzendutako jardunaldia eta Ordizian Txartelaren bitartez burutuko den kanpainarekin batera, D´elikatuz zentroa bisitatzen duten pertsonei zuzendutako "Eskaintza Txartela" izango da protagonista. Txartel hau informazio turistikoak, saltoki parte hartzaileen kale-planoak eta eskaintza desberdinek osatzen dute.
D´elikatuz zentroko eta Turismo bulegoko bisitariek "Eskaintza Txartela" bana jasoko dute Ordizian elkarteko zenbait saltoki eta tabernetan trukatzeko.
Ekimenean parte hartuko duten saltokiak "Ordizian, ate irekiak" irudiarekin identifikaturik egongo dira, lortu daitezkeen abantaila hauek, sektore bakoitzeko ezaugarriak kontutan harturik, lau ataletan banatu direlarik;
• Argazki-dendak:
Album eta markoetan %5eko deskontua eta berehalako errebelatzean deskontua edo oparia.
• Etxetresna elektrikoen dendek eta Lentzeria dendek:
%5eko deskontu zuzena produktu guztietan.
• Parte hartzen duten beste denda guztiak:
%5eko deskontua 50€ baino gutxiagoko erosketatan.
5€ko erosketa-txartela 50 eta 100 € arteko erosketatan.
10€ko erosketa-txartela 100€ baino gehiagoko erosketatan.
• Ostalaritzan:
Pintxo-potea 2€tan eta kafea 1€tan gozatzeko aukera.
Ekimen erakargarria izango delakoan, hasiera batetan animatu ez diren saltokiek honetara batzeko aukera izango dute urrian, ekimenaren aukera handituz.
Bestalde, Ekainak 17tik 30era, Ordizian Txartela duten herritarrentzat zozketa bat burutuko da non txartelarekin erosketak egiten dituzten horiek "D´elikatuz zentrora bisita gidatuaz eta bi pertsonentzako bazkari edo afariaz osaturiko saria" irabazteko aukera izango duten.
Ordizian Txartelari dagokionez aipatzekoa da urtean zehar kanpaina desberdinak antolatu direla herritarrentzat, Eguberritako saskien zozketa, %5eko deskontu zuzena, 10€ko erosketa-txartelen zozketa, San Valentineko produktu sortak, etab.
Kasu honetan eta ekimen honetara loturiko kanpainaz gain, ezusteko %5eko deskontua lortzeko kanpaina eskaintzen ari da Ordizian Elkartea ekaina osoan zehar.
Aukerarik ez galtzeko eta oraindik Ordizian Txartela ez duten horiek honen eskaera egiteko aukera dute elkarteko saltokietan, Nafarroako Rural Kutxaren bulegoan edo ordizian.com web orriaren bitartez.