ENPLEGU PLANA MARTXAN
Ordiziako Udalak hamar langile kontratatu ditu enplegua sustatzeko ekimenaren barruan, sei hilabeterako
Ordiziako Udalak abian jarritako Enplegu planaren bitartez hamar langile kontratatu dira, sei hilabeterako. Herri lanetarako sei langileak joan den astean hasi ziren lanean (bi ofizial, hiru peoi eta lorezain bat), eta datorren astelehenean, hilak 17, hasiko dira gainontzeko laurak. Azken horiek hirigintzari, administrazioari, gizarte zerbitzuei, eta partze hartzeari eta komunikazioari dagozkion lanak egingo dituzte. Udaleko zerbitzuburuek arlo bakoitzean ikusten dituzten beharrak aintzat hartuta egin dira kontratazio horiek.
Eusko Jaurlaritzak aurreko urteetan sustatutako Euskadi 09 eta 4000 Planaren antzeko ekimenik aurten izango ez zela ikusita, Ordiziako Udalak bere kabuz jarri du martxan Enplegu plana. Guztira 160.000 euroko inbertsioa egin du plan hori aurrera ateratzeko. Kontratazio horien bidez, aurtengo aurrekontuetan jasotako hainbat lan eta inbertsio egingo dira; horien artean daude Auzoz auzo dinamikan eta Oianguko prozesuan adostutako hainbat lan. Ordiziako Udalak aurtengo dituen helburu nagusien artean dago enpleguaren sustapena.
Herri lanak, askotarikoak
Honako lanak egingo dituzte, besteak beste, kontratatutako bi ofizial eta hiru peoiek: musika taldeentzako lokalen zorua egokitzea Majorin, Plaza Nagusiko komun publikoak konpontzea (Auzoz auzoko dinamikako eskakizuna), Oianguren parkeko iturria konpontzea, eta hango mahai, aulki eta sutontziak lehengoratzea... (Oianguko prozesua). Hiri-altzariak margotzea, espaloietako zulo eta baldosa solteak konpontzea, kalean gaikako bilketa egiteko edukiontzi txikiak jartzea, ikastetxeetako mantenu lanak egitea eta antzeko beste zenbait zeregin ere izango dituzte.
Kontratatutako lorezaina, berriz, Oianguren parkean ariko da lanean. Parkearen mantenuaz arduratuko da, eta garbiketa eta belar-mozte lanak egingo ditu.
Beste lau lanpostuak
Datorren astelehenean hasiko dira lanean gainontzeko lau kontratatuak. Herriko etxebizitzen eraikitze dataren errolda osatu eta udalean erregistroa sortuko du hirigintzari lotutako kontratatuak. Beste batek, etxebizitza hutsen azterketari jarraipena emango dio (orain bi urte Euskadi 09n bitartez hasitako lana da) eta alokairu sozialen aukerak aztertu eta programa martxan jarriko du.
Administrazioari lotuta kontratatuko den langileak honako zereginak izango ditu: kontratazioen informazio guztia biltzea eta aukera ezberdinak aztertzea; udal harremanak euskaraz bermatzeko errolda eguneratzea; eta sor daitezkeen administrazio lanetan laguntzea.
Partaidetza eta komunikazio arloko langilearen egiteko nagusia partaidetza prozesuak antolatu, bideratu eta jarraipena egitea da, eta lehen zereginetako bat Auzoz auzoko bileren dinamizazioa egitea izango da. Partaidetza batzordea ere kudeatuko du, eta partaidetza ordenantza aztertzeaz arduratuko da. Horrez gain, Komunikazio sailarekin batera, udaleko barne zein kanpo komunikazioa landuko ditu partaidetzaren ikuspegitik