"IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU" KANPAINAREN AZKEN EGUNAK
Apirilaren 23az geroztik egon da martxan
Datorren igandean, ekainak 30, bukatuko da Hitzaro Euskara elkarteak eta Ordiziako Udalak abian jarritako Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Apirilaren 23az geroztik dago martxan ekimen hori, eta euskarazko irakurzaletasuna sustatzea du helburu. Ordizian ez ezik, Lazkaon, Ataunen, Beasainen eta Zaldibian ere kanpaina bera egin dute.
Liburutegian euskarazko liburu bat maileguan eskatu behar da, eta etxean irakurri ondoren, liburutegira itzuli behar da eta han fitxa bat bete. Horren truke, liburuzainak %25eko edo %50eko erosketa-txartela emango dio irakurleari.
Ordizian, datorren astelehenean, uztailak 1, Hitzaro Euskara elkarteak zozketa bat egingo du egitasmoan parte hartu dutenen artean. Hain zuzen, euskal literaturako liburuak erosteko 30 euroko txartela zozkatuko du. Liburuak Mujika liburudendan erosi behar dira.