Image
Image
‘Ordizia Mugimenduan’ egitasmoa igande honetan abiatuko da
Ezkerretik eskubira, Alazne Elorza Udaleko Gizarte Hezitzailea, Ainhoa Jimenez Ongizate zinegotzia eta Oskar Rodriguez Batera Aske Kooperatibako langilea.

Igande honetan, martxoaren 15ean, abiatuko da ‘Ordizia Mugimenduan’ programa pilotua, aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako aisialdi eta gizarteratze egitasmoa. Lehen saioa 11:00etatik 13:00etara egingo da Zuhaizti gizarte zentroan, eta hasierako fase honetan 9 familiak parte hartuko dute.

Ordiziako Udalak sustatutako ekimena da, Batera Aske Kooperatibarekin elkarlanean garatua, eta helburua da aniztasun funtzionala duten gazteei aisialdi, sormen eta harreman espazio irisgarriak eskaintzea. Programak sormena, mugimendua, gorputz-adierazpena eta jolasa ditu ardatz, gazteen ongizatea, autoezagutza eta gizarteratzea sustatzeko.

Behar bati erantzuteko sortutako egitasmoa

Egitasmoaren aurkezpena urtarrilean egin zen Zuhaizti zentroan, parte hartuko duten gazteekin eta haien familiekin. Lehen topaketa horrek elkar ezagutzeko eta parte-hartzaileen behar espezifikoak identifikatzeko balio izan zuen, eta hortik aurrera egitasmoaren egitura lantzen joan dira, familiekin batera egutegia adostuz.

Horrela, saioak igande goizetan egingo dira, 11:00etatik 13:00etara, eta jarduerak barruko espazioetan ez ezik, herriko kaleetan ere garatzeko aukera izango da.

Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko Ongizate zinegotziak azpimarratu du egitasmoaren garrantzia, herrian identifikatutako behar bati erantzuten diolako:“Ordizia oso herri dinamikoa da, kultura, kirol eta bestelako ekintza ugari antolatzen dira, baina ez zegoen zehazki inklusioa bideratzen zuen ekintzarik edo aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako espaziorik. Udaletik ahalegintzen gara antolatzen ditugun jarduera guztiak inklusiboak izaten eta ateak denontzat irekitzen, baina egia da gazte hauei zuzenduriko proposamen espezifikorik ez zegoela”.

Jimenezen hitzetan, programa hau zubiak eraikitzeko tresna izan nahi du:“Ez dugu ekintza isolatu bat izatea nahi. Gazte hauei espazio propioa eman nahi diegu, baina aldi berean garrantzitsua da zubiak eraikitzea eta komunitatean parte hartzeko aukerak zabaltzea”.

Taldea sortzea, lehen helburu nagusia

Oskar Rodriguez Batera Aske Kooperatibako koordinatzaileak azaldu du egitasmoaren lehen pausoa taldea osatzea dela. Urtarrilean egindako lehen topaketan hasi zen prozesua:“Lehen aldiz elkartu ginenean ez genekien zein jende gerturatuko zen, baina azkenean talde anitza eta oso potentea osatu da”.

Rodriguezen esanetan, hasierako saioetan talde-sentimendua sortzea izango da lehentasuna:“Hasieran kuadrilla bat sortzea bilatzen dugu, taldea sentitzen hastea. Pixkanaka-pixkanaka joango gara ‘Ordizia Mugimenduan’ programa bera eraikitzen. Momentuz espazio zuri bat da, eta poliki-poliki idatziko dugu bidea”.

Igandean hasiko diren saioek sormena eta mugimendua izango dituzte oinarri:“Arte diziplina desberdinak erabiliko ditugu modu transbertsalean. Lehen saioetan elkar ezagutzea izango da helburu nagusia; haien beharrak, gustuak eta interesak ezagutzea, eta hortik abiatuta taldearen dinamika garatzen joatea”.

Programan dinamizatzaile batek lagunduko die gazteei taldearen koordinazioan, baina protagonismoa parte-hartzaileek izango dute:“Gure lana gauzak gertatzeko piezak jartzea izango da, baina haiek izango dira protagonistak”.

Irekita jarraitzen duen egitasmoa

Lehen fase honetan bederatzi familiek parte hartuko badute ere, egitasmoak irekita jarraitzen du, eta interesa duten familiek oraindik ere bat egiteko aukera izango dute.

Informazio gehiago eta izen-emateak:

📧 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

📞 680 15 57 46

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza