Image
Image
Tokiko politikan emakumeenganako indarkeria eta sexismoari aurre egiteko topaketa egin da Ordizian Basqueskolaren eskutik

Tokiko politikan emakumeenganako indarkeria eta sexismoari aurre egiteko Ordiziako Udalak duen konpromisoaren barruan, Basqueskolaren topaketa egin zen atzo Ordiziako Udaletxean, udal gobernuan eta udal-korporazioan parte hartzen duten emakume hautetsiekin. Saioaren helburua emakume hautetsiek jardun politikoan bizi dituzten errealitateei buruz hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko espazioa sortzea izan zen.

Topaketan zehar, emakumeek politika instituzionalean eta alderdien barruan bizi izan dituzten egoera mugatzaileak, zailtasunak eta askotan normalizatutako jarrerak izan zituzten hizpide. Era berean, norberaren esperientziatik eta elkarlanetik garatutako indarguneak eta estrategiak ere partekatu zituzten.

Hausnarketarako eta elkarri entzuteko gune aberasgarria izan zen saioa, eta bertan agerian geratu zen emakumeek tokiko politikan duten presentzia eta ahalduntzea sustatzen jarraitzeko beharra.

Topaketa Basqueskolako kideek dinamizatu zuten, eta emakume hautetsien arteko saretzea, prestakuntza eta babeserako espazioak indartzea izan zuen helburu.

Virginia Woolf Basqueskola EAEko emakume alkate eta zinegotziei zuzendutako espazioa da, EUDEL eta Emakunde-k sustatua. Egitasmoaren helburua emakumeen ahalduntzea bultzatzea da, berdintasunaren aldeko estrategiak eta tresnak eskainiz, betiere esperientzia partekatutik abiatuta.

Ordiziako Udalak adierazi du lanean jarraituko duela tokiko politikagintzan berdintasuna sustatzeko eta emakumeek espazio publiko eta instituzionaletan pairatzen dituzten indarkeria eta jarrera sexistak identifikatu eta horiei aurre egiteko.

Basqueskolarekin_topaketa_3.jpeg

 

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza