Ordiziako Udalak kafea eramateko kikara berrerabilgarrien kanpaina berria jarri du abian, herriko tabernekin eta kafetegiekin elkarlanean. Helburua da, erabilera bakarreko ontzien kontsumoa murriztea eta herrian ohitura jasangarriagoak sustatzea.
Hemendik aurrera, Ordiziako ostalaritza establezimenduetan kafea ‘Kikara’ edalontzi berrerabilgarrian eskatu ahal izango da. Sistema oso erraza da: erabiltzaileak 1 euroko gordailua ordainduko du kikara jasotzean, eta ondoren sareko edozein establezimendutan itzuli ahal izango du gordailua berreskuratzeko edo beste kikara garbi baten truke erabiltzen jarraitzeko.
‘Kikara’ ontziak berrerabilgarriak eta birziklagarriak dira, eta gainera, beren materialaren %60 Ebroko Deltatik datorren arroz-azalarekin eginda dago. Ontziak ontzi-garbigailurako eta mikrouhin-laberako egokiak dira, eta erabilera askotarako diseinatu dira.
Ekimenaren bidez, Udalak herritarren eta ostalaritzaren inplikazioa eskertu nahi izan du, ingurumenarekiko konpromisoa eta hondakinen murrizketa sustatzeko bidean elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratuz.
Ostalaritza establezimenduetan eskuratu ahal izango dira ‘Kikara’ edalontziak.