Image
Image
2026ko aurrekontuaren eta proiektu nagusien aldizkaria banatu da etxe guztietara

Ordiziako Udala 2026ko udal aurrekontuaren inguruko aldizkaria banatu du etxe guztietara, udalaren norabidea, datozen urteetarako aurreikusitako proiektuak eta herriaren erronka nagusiei emango zaien erantzuna modu argi eta ulergarrian azaltzeko helburuarekin.

2026ko aurrekontua otsailaren 26ko Osoko Bilkuran onartu zen, eta apirilaren 17an sartu zen behin betiko indarrean. Guztira, 23.019.806,90 euroko aurrekontua izango du Udalak; Ordiziaren historiako handiena. Horietatik, 6.671.304,99 euro inbertsioetara bideratuko dira, aurrekontu osoaren ia %29a.

2030 Ekintza Plana

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, “aurrekontu hau ez da urte bateko kudeaketa hutsa; azken urteetan egindako lanaren emaitza eta etorkizunari begira herri bezala hartu dugun norabidearen isla da”.

Alkateak nabarmendu du Ordizia 2030 Ekintza Plana dela udal gobernuaren gidalerro nagusia: “Plan horretan jasotako erronkak eta proiektu estrategikoak pausoz pauso betetzen jarraitzea da helburua. Askotan ikusten ez den lan isila dago atzean, baina azken urteetan egindako lanketak aukera eman digu gaur egun inoizko aurrekonturik handiena izateko eta etorkizuneko erronkei berme gehiagorekin erantzuteko”.

Era berean, Ezenarrok azpimarratu du aurrekontua elkarlanean eta adostasunetik eraiki dela: “Alderdi politikoen arteko elkarlanak ahalbidetu du Ordiziaren beharrei erantzuten dien aurrekontu sendo eta anbiziotsu bat osatzea. Herriaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko adostasunak ezinbestekoak dira”.

Hiru ardatz nagusi

Aurrekontua hiru ardatz nagusiren inguruan antolatzen da:

- Herritarrak: ongizatea, bizi kalitatea eta zerbitzu publikoak indartzea.
- Lurraldea: herri irisgarriago, berritzaileago eta jasangarriago bat eraikitzeko proiektuak.
- Antolaketa: udal zerbitzuen eraginkortasuna eta herritarrei ematen zaien arreta hobetzea.

Proiektu nagusiak

Aldizkarian jasotzen diren proiektu nagusien artean daude Majori-Altamira kirolguneko 2,6 milioi euroko inbertsioa, Urdaneta kalearen bigarren fasea, Herri Antzokiko igogailua, Urdaneta eskolaren bigarren fasea, Buztuntzako Oria pasealekuaren berritzea, Otatza plaza berritzeko lanak, haur parke eta espazio publikoetako hobekuntzak, Altamira eta Tximista lotuko dituen igogailuaren proiektua, Barrena kultur etxearen berrantolaketa edota landa bide publikoak berritzeko lehen partida espezifikoa.

“Azken batean, aurrekontu honek erakusten du Ordizia etorkizunerantz doala, elkarlanean eta herri ikuspegi partekatu batekin”, gaineratu du alkateak.

***Aldizkaria eskuratu nahi baduzu, herritarren Arreta Bulegoan dago eskuragarri. Bertsio digitala HEMEN deskargatu dezakezu.

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza