Ostiralean egin zen XXXII. Kimetz Kontakizun Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Ordiziako udaletxean. Artengo ekitaldiko irabazleei dagokienez, euskarazko kategorian, Nerea Sorondo Andueza tolosarraren Minaren kartografia lanak eskuratu du lehen saria. Gaztelaniazko kategorian,berriz, Emmanuel Guerra Martos sevillarraren La mujer que aprendió a faltar ipuina izan da saritua.
Beste behin ere, parte-hartze handia izan du Kimetz Kontakizun Lehiaketak, guztira 423 ipuin aurkeztu baitira. Jasotako lanetatik, 302 gizonezkoek eta 121 emakumezkoek idatzi dituzte. Hizkuntzari dagokionez, 412 lan gaztelaniaz aurkeztu dira eta 11 euskaraz. Parte-hartzaileen jatorriari erreparatuta, 34 lan Euskal Herritik iritsi dira, 281 Espainiako Estatutik eta 142 Europako eta Amerikako hainbat herrialdetatik, lehiaketaren nazioarteko izaera berretsiz.
Epaimahaia Luisa Etxenike, Eli Tolaretxipi eta Felipe Juaristi idazleek osatu dute. Epaimahaikideek nabarmendu dute aurkeztutako lanen kalitatea eta aniztasuna.
Sari banaketa ekitaldia musika emanaldiz girotu zuten Ordizian bizi diren Ciana Lutumba (Angola), Ana Young (AEB) eta Daniela Llanos (Kolonbia) artistek.
Kimetz Kontakizun Lehiaketak, beste urte batez, literatura sorkuntzaren aldeko apustua berretsi du, Ordizia ipuingintzaren topagune bihurtuz.