Gaur egin da Peribidearen ibilbidearen irekiera ofiziala. Gaintzako plazatik abiatu dira parte-hartzaileak, eta Gaintzatik, Altzagatik eta Aramatik igaroz iritsi dira Ordiziara, garai batean baserritarrak azokara iristeko erabiltzen zuten bide historikoa berreskuratuz.
Ibilaldia amaitu ondoren, Barrena Jauregian aurkeztu dute Peribideko istorio ezkutuak liburua, Larraitz Garmendiak eta Lide Lujanbiok idatzia, eta Izaro Lizarragak egin ditu ilustrazioak. Ekitaldian izan dira, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta Ainhoa Jimenez zinegotzia.
Peribidearen berreskurapena Jakintza Ikastolak Frantzia, Txekia eta Norvegiako ikastetxeekin batera garatutako 'Sustainable Entrepreneurship of Europe Erasmus+' proiektuaren emaitza da. Azken urteotan, ikasleek eta irakasleek elkarlanean jardun dute ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko helburuarekin.
Peribidea, hain zuzen ere, Gaintzako, Altzagako eta Aramako baserritarrak Ordiziako azokarekin lotzen zituen bide-sarearen parte izan zen urte luzez. Proiektuaren bidez, bidea berreskuratu eta balioan jartzeaz gain, Gipuzkoako mendibideen sarean homologatzea ere lortu da, gaur egun SL-66 Peribidea izenarekin.
Erasmus+ egitasmoaren helburua ez da soilik bide historiko bat berreskuratzea izan. Proiektuak ondarearen transmisioa, ingurumenaren zaintza eta herrialde desberdinetako gazteen arteko lankidetza sustatu ditu. Horren emaitza dira, besteak beste, gaur aurkeztutako liburua eta bidearen inguruan egindako ikerketa-lanak.
Peribideko istorio ezkutuak liburuak gerraosteko baserritarren bizimoduan eta garaiko testigantzetan oinarritutako kontakizunak biltzen ditu, garai bateko bizimodua eta Ordiziako azokak inguruko herrietan zuen garrantzia ezagutarazteko asmoz.
Liburua eskuragarri izango da ekainaren 12an, Ikastolaren egunean, Herriko plazan, 16:00etatik 18:30era. Online erreserba egiteko:
Gaurko ekitaldiarekin amaiera eman zaio urteetako lanari, baina aldi berean hasiera berria ere bada, Peribidea herritarren eta bisitarien eskura geratu baita, gure ondarearen zati garrantzitsu bat ezagutu eta bizitzeko aukera eskainiz.
*** ARGAZKI GUZTIAK IKUSTEKO EGIN KLIK ARGAZKIAREN GAINEAN: